GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Ondoan

Jon GARMENDIA
Idazlea

Ondoan dago auzoa. Eta ondoan auzokideak. Gure etxearen ondoan badira beste lau etxe. Beste askoren etxe ondoan etxe gehiago daude. Herriak hiri, eta hiriak herri, baina denak auzokide, ondoan bizi gara denak. Eta ondoak sarri ez du gertutasuna erran nahi. Urruntzen ari garelako gauzak partekatzetik. Gure bizitza bilakatu den indibidualismoan hondoraturik. Apenas dakigu besteen berri, gutti dakigu haien etxeetan zer gertatzen den. «Kaixo» eta «agur» erraten diogulako ondokoari sarri. Mattin eta Fabienne hogeita hamar urtez bizi izan dira elkarren ondoan. Lanerakoan edo lanetik sartzean gurutzatzen ziren batzuetan, hesiko landareak kimatzerakoan begirada zuzentzen zioten elkarri besteetan. Baina ez dute harremanik sakondu nehoiz. Larunbatean, Mattinen etxe ataria autoz bete zen arratsaldean, jantzi eder eta koloretsuz apainduta berrogeita hamar bat lagun bildu ziren, Eliserekin ezkondurik eman dituen hogeita bost urteak festa giroan ospatzeko. Fabiennen etxean ere jende anitz batu zen une bertsuan, beltzez jantzita, senarra galdu baitu berriki, eta beilatokia etxean eratu zuen. Egunak etorri eta joan auzokideek segituko dute elkarren ondoan. Baina urrunago. Guk, argiak itzali, eta elkarren ondoan lo egiten segituko dugun bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo