GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Jai gune herrikoia, aurten bai

Gora Iruñea! plataformak adierazi zuenez, agiri batzuk betetzea falta den arren, aurtengo sanferminetan jai gune herrikoia izanen da Runako parkean. Oraindik baimen ofiziala eskuetan ez izan arren, Kultura eta Hiri Segurtasun sailak baieztatu die lehiaketan parte hartzeko bete beharreko baldintza guztiak betez gero, proposamena aurrera aterako dela.

p054_f01.jpg

Aitor AGIRREZABAL

Aspalditik argi zeukaten Gora Iruñeako kideek, aurten bai ala bai, festa gune bat antolatuko zutela larunbatean hasiko diren sanferminetarako. Eta hala izanen da, hainbat urtetan atzera bota eta gero, aurtengo sanferminak jai gune herrikoi batean ospatzeko aukera izanen da. Gora Iruñea! plataformak jakinarazi zuenez, baieztapen ofizialaren zain dela, Runako parkean ezarri ahal izango du bere gunea, lehiaketarako bete beharreko berme eta agiriak betetzearen baldintzapean.

Iaz ere aurkeztu zuten proposamena lehiaketa honetan, eta egitarau askoz eskasagoa zuten beste batzuek baino puntuazio baxuagoa lortu ostean, aurten ez aurkeztea erabaki zuen plataformak. Hala ere, lehiaketara inor aurkeztu ez dela jakin eta gero, jai gunea muntatzea erabaki zuten.

Joan den ostiralean, Fermin Alonso (UPN) Kultura zinegotziarekin biltzeko aukera izan zuten, eta honek instantzia bat egitera gonbidatu zituen. Atzo goizean aurkeztu zuten, eta nahiz eta erantzunik jaso ez duten, Kultura eta Hiri Segurtasun batzordeak erabaki zuen, paper eta berme guztiak aurkeztuz gero, Gora Iruñea! plataformak bere gunea izanen duela.

Atzo Hiri Segurtasunetik baimen idatzirik jaso ez bazuten ere, gaur jasoko dutela hitzeman zieten, eta goizeko hamarretatik aurrera hasiko dira muntaketa lanetan. Atzo ziren hastekoak, baina hasi bezain laster Udaltzaingoa gerturatu zen baimenik ez zegoela adieraziz. Gaur halakorik ez dela gertatuko agindu dietela adierazi zuen Xabier Garziak, plataformako ordezkarietako batek.

Runako parkean baimenaren zain egon eta gero, bertan elkartu ziren 50 pertsona inguru Udaletxe plazara abiatu ziren, jai gune herrikoi eta parekidea aldarrikatzeko asmoz. Plataformako ordezkari Xabier Garziak eta Maitagarri Etxarrik Bilduko eta PSNko udal ordezkariekin elkartzeko aukera izan zuten, eta horien babesa jaso zuten.

Egun gutxitan prestatu beharko dute hainbat urtetan borrokatutakoa, eta erlojuaren kontrako lehia honetan hasiak dira 9 egunetako egitaraua berriz ere osatzen eta antolatzen, «herriak berreskuratutako gunetzat» duten honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo