GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondakinei buruzko informazioa jasotzeko atari berria du Donostiak

Klik bat eginez, hondakinen inguruko informazio «argia eta osoa» izango dute aurrerantzean donostiarrek. Atzo aurkeztu zuen webgune berria Nora Galparsoro zinegotziak, eta 2016rako ezarria duten %60ko birziklatze tasara iristeko tresna izango da.

p014_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Hondakinen kudeaketarekin lotutako informazioa jasotzen duen webgunea aurkeztu zuen atzo Nora Galparsoro Donostiako Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak. Atariaren bidez, herritarrei kudeaketa «arduratsuago» bat egiten lagunduko dietela esan zuen, informazio «argia eta osoa» jasotzen baita atarian. «Klik batean hondakinen inguruko informazio guztia egongo da eskura, hiritarrek etxean hondakinak nola banatu jakin dezaten», azaldu zuen Galparsorok.

jokogarbia.donostia.org da atariaren helbidea eta atal ezberdinez dago osatuta. Informazioa «modu errazean» du antolatuta, eta era berean, smartphone, tablet eta abarretan nabigatzeko aukera ematen du. Guneak hondakinen hiztegi bat jasotzen duela azaldu zuen Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak. «Zer Non Nola» atalean jasotzen da hori, eta hondakin batzuen inguruan hiritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzea du xede. Egun 613 hondakin mota jasotzen ditu hiztegiak, baina zerrenda «zabaltzen» joango dela aurreratu zuen. Ordutegi eta ohiko galderak barnebiltzen dituen atala ere azpimarratu zuen zinegotziak, non edukiontzi ezberdinak erabiltzeko ordutegiak jasotzen diren, «sarritan betetzen ez den neurria».

Ataria Donostia Hiri Hondakinak-Joko Garbia markaren baitan txertatu dute. «Donostiako Udaletik hondakinen kudeaketa integrala bultzatzen dugu, gure helburua hirian zabor gutxiago sortzea da, eta horretarako, hondakinen inguruko politika eraginkorrak proposatzen ditugu, zero zabor helburua aspirazio bezala mantenduz», adierazi zuen Galparsorok.

Webguneak prebentzioari ere tarte berezia eskaintzen dio, «hondakinen sorrera murriztea nahi dugulako». Era berean, birziklapenaren inguruko informazioa jasotzen da, baita edukiontzi marroiaren ingurukoa ere, tamaina handiko hondakinekin egin beharrekoa azaltzen du, garbiguneak hiriko zein puntutan dauden eta zertarako eta nola erabili behar diren esaten du...

Donostiako Udalak hondakinen aferan duen ildoa ere bertan zintzilikatu dute, eta gai honi lotuta dagoen arautegia ere bertan jarri dute, zabor tasaren kuotak kontsultatzeko aukera emanez, gainera. Era berean, hondakinen inguruan sortzen diren albisteak jasotzeko espazioa ere paratu dute, hiritarrak gaiaren inguruan informatuta izateko helburuarekin.

%60a birziklatzea helburu

Galparsorok prentsaurrekoan azaldu zuenez, Donostiako Udalak 2016. urterako hondakinen %60 birziklatzeko helburua dauka. Haren arabera, urtean 23.012 tona gutxiago sortzea esan nahiko luke helburua betetzeak. «Udalak 3,4 milioi euro gutxiago gastatuko lituzte zabortegiko fakturan helburu hauek lortzera iritsiz gero, eta hori guztion ardura da. Hiritarren eta administrazioaren arteko ardura konpartitua eskatzen du», arrazoitu zuen. Bide horretan, «keinu txikiak» izan zituen hizpide, eta haren arabera, egunerokotasuneko «keinu txiki» horiek lagunduko dute helburuak lortzen.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, «pentsamolde aldaketa» bat egin behar dela aldarrikatu zuen zinegotziak, eta aldaketaren bide horretan, pertsonaren esku dauden pauso batzuk badirela azpimarratu zuen: «Produktuak soltean erostea, ontziratu gabe, alegia; `erabili eta bota' ohitura kuestionatu eta ohitura arduratsu eta etikoagoak barneratzea...». «Zalantzarik gabe, baliabide hauek guztiak modu egokian erabiltzen baditugu, 2016rako guztion artean %60ko helburua betetzea lortuko dugu», azpimarratu zuen Galparsorok.

613 hondakin mota

Egun 613 hondakin mota biltzen ditu atariak, hiritarrek horien gainean izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Hala ere, zerrenda hau «zabaltzen» joango dela iragarri zuen Galparsorok.

Pentsatzeko modua

Hondakinen kudeaketaren aferan, pentsamolde aldaketa baten beharra azpimarratu zuen Galparsorok, eta alde horretatik, pertsonen esku dauden pausoak badirela nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo