Presoen eskubideen kezkarik ez duen polemika
Azken egunetan Justizia frantsesak zigortutako hiru lagun kartzeletan lekurik ez izateagatik aske utzi izanak gainpopulazioaren arazo zaharra plazaratu du berriro. Izan ere, kezkagarria da arazo hori eta, oro har, Estatu frantseseko kartzeletako egoera deitoragarria, aspaldi luzetik behin eta berriz salatua izan dena. Espetxeetako egoera, beraz, kezkagarria eta gobernu frantsesen asmo errepresiboaren erakusgarri da, zabarkeriatik harago doan jokaera hori ankerkeriaren eremura sartzen baita. Nolanahi ere, kezkagarria da, halaber, espetxe horietako gainpopulazioa orain zergatik plazaratu den. Polemika sustatu dutenek ez daude presoen eskubideez kezkaturik; horien kezka hiru lagun aske utzi izana da, bi eta hiru hilabete bitarteko zigorrak baino ez zituzten arren. Horren harira, gainera, bigarren polemika bat sortu da: Kasazio Gorteak joan den ekainean hartutako erabaki baten arabera, ehunka preso askatu beharko omen lituzketela, Justizia ministro Christiane Taubirak 20 edo 30 baizik ez direla kaleratuko esan bazuen ere. Kontua da Kasazio Gorteak hartutako erabakia ez datorrela bat 2004an, Gobernuan eskuina zegoela, preskripzio irizpideak finkatu zituen dekretuarekin. Horiek horrela, tamalgarria da kartzeletako gainpopulazioaren arazoa -zalantzarik gabe salatu beharrekoa- lehia politikoan etekinak lortzeko erabiltzea.