Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Gabairen sindromea
Euskal abertzaletasunak atzerako ispiluari begira denbora gehiegi eman duela iruditzen zait, eta oraindik ere iraganarekiko dependentzia horri eusten diola esango nuke. «Zer ginen eta nor gara»; aieneka gabiltza, aiher morboso batekin. Eta bada garaia zer izan nahi dugun galdetzen hasteko.
Izan ere, Euskal Herriak estatu espainolaren eta frantsesaren kateetatik askatu behar duela aldarrikatzeko ez dugu zertan, beti, historia liburuak irekitzen ibili. Eta ez da ezinbestekoa egunero nazioa garela egiaztatzea. Bagara, euskaldunok guhaurrek hala uste dugulako. Eta horrek balio beharko luke, ez dugu mendeetan atzera egin behar ezer justifikatzeko. Ez dut esan nahi historiari erreparatu behar ez diogunik, eta gure haurrek nondik gatozen jakin behar ez dutenik, baina horrek ez luke abertzaleon bide orria ezaugarritu behar, garrantzitsuena nora goazen zehaztea baita. Epika apur bat ondo dago, baina neurrian. Ni konformatzen naiz noizean behin Su ta Gar taldearen «Arbasoen mendekua» abestearekin.
Alde horretatik, bost hamarkadatan ezker abertzaleak herri honen eta bertan bizi garenon eskubideen inguruan oso marko teoriko potentea eraiki ostean, jeltzaletasunaren determinismotik aldenduta, etsigarria da azken urteetan esparru batzuetan izan den bilakaera. Euskal Herria bera ere auzitan jartzen hasi behar omen dugu, eta ikurrina alboratu, nafar bandera hobetsiz. Zer esango dizuet, nik urte askotan arrano beltza eraman dut lepotik zintzilik, baina euskal errepublikarekin egiten dut amets, eta ez nafar erreinu batekin. Politikoki nafarrak garela, ados, baina ez gaitezen jendea txoratzen hasi eta urte askotan zabaldutako bidean atzera egiten.
Umea nintzenean «Gabai» izeneko komikiak oso gustuko nituen, eta hamaika aldiz irakurri nituen. Gaztetxo ilegorriaren abenturekin gozatzen nuen, eta behin baino gehiagotan amets egin nuen Orreagan nengoela, frankoei egurra ematen. Baina, aizue, ordutik 1.200 urte baino gehiago pasatu dira, ez gaitezen balentria horiekin edo galdutako gazteluekin endredatu. Oroit ditzagun, kanta ditzagun gure arbasoen pozak eta minak, baina jar gaitezen behingoz aurrera begira.
Gurasoen etxea gogoz eta indarrez defendatu dugu, ez digu inork ukatuko; eraiki dezagun orain seme-alabena.