Oier Gonzalez Bilbatua Ataramiñe Elkartearen izenean
ATARAMIñE 2013
Beso zabalik, orri zabalik, hartuko ditugu, mimatuko ditugu eta plazaratuko ditugu, denon artean
Hemen gatoz, beste urte batez, ATARAMIñE den plazatxo honetara hurbiltzeko gonbita luzatzera. Hurbildu baino, plazatxo honen eraikuntzan parte hartzeko eskaria egitera. Momentuz, hutsik dagoen orubea besterik ez baita, izan, ATARAMIñE 2013 bilduma. Hizki eta kolorez betetako pintzel, arkatz edo luma kolpeka jaso beharreko plazatxoa.
Urtero, berreraiki behar badugu ere, ez gara behin ere zerotik hasten. Egia esan, 2002an argitaratu genuen lehen bilduma hura ere ez zen hutsetik abiatu. 1983an Puerto de Santa Mariako «Intxaur azal baten barruan» edo SUSA argitaletxeak 1989an apailatutako «Itzalpeko ahotsak» bildumen eskutik, euskal presoen banakako sorkuntza lanak kolektiboki kalera atera izan dira. Edonork esan lezake 1975ean Segoviako espetxean burututako zulo eta arrakalak, sorkuntza lan kolektiboaren emaitza ere izan zirela. Baina espetxetik margoak eta literatura atera beharrean, presoak eta literalki atera ziren orduan. ATARAMIñE lehen bildumaren bezperan koka genezake ere Jon Etxeandiaren «Gartzelako Lanak» olerki liburua. Bertan, Ataramiñe Elkartearen sorkuntzan jardun zuen Jonek ondorengo olerki hau utzi zigun:
Zilegitzat nuen poemak idaztea/ baina mundu hau ez dago /kontu askorako /Ene poemak /poliziak kendu zizkidanean/ komisarioak esan zuen/ el cuaderno de las chorradas/ desartikulatua zegoela.
Gure bilduma hauek, Elkartea bera, sorkuntza desartikulatu daitekeela uste duen (erdi-ustel duen) komisarioari emaniko erantzuna ere badira. Koaderno batetik bilduma kolektiboetara, Jonek bere torturatzaileari emaniko erantzuna. ATARAMIñE, desartikulatzaile guztien gainetik letra salto eta brinkoka eraikitzen dugulako guztion artean.
Eta ari gara, bagabiltzanez. Azken urteotan, aldiro, 4 liburuki argitaratu ditugu Durangoko Liburu eta Disko Azokan. Iragan urtekoan adibidez, ohiko Bilduma potoloaz gain:
-«Sasian Barna». Xabier Makazaga. Errefuxiatu zarauztarraren nobela laburra. Bertan azaltzen dira borroka klandestinoaren gazi-gozoak.
-«Fakin Xokona». Oier Goitia. Olerki bilduma, letrak eta sentimenduak gainezka. Iker Morenoren irudi hunkigarriez lagunduta.
-«Kandela bat pizteko behar dena». Mikel Antza eta Iker Moreno. Haurrentzako ipuin ilustratua, haur baten eskutik espetxearen mugei nola aurre egin erakusten diguna.
Gure plazatxo honetara iritsi berri da ere (Durangoko Azoka den «meka» gaindituz, gurean ateo xamarrak izan bagara eta), Mikel Orbegozo intxaurrondoarrak osatutako «Preso Nago 2» komiki liburua. «Preso egon» edo «presoa izan»-en arteko ñabardura definitiboa ongi baino hobeto adierazten digu Mikelek bertan. Bera preso daukatelako, baina bere irudiei darien irri zirikatzaileari so eginez, Mikel, preso zein punturaino ote den zalantzak eragiten dizkigulako. Ezpainek U forma hartzea, semantika iraultzailea da porlanezko bakarmortu tristearen erdian.
Bai, kide, lagun eta senideok zuen letrak, zuen irudiak... behar ditugu semantika askatzaile berri bat eraikitzeko. Libertatea, bere ertzean eserita ikusi, deskribatu, irudikatu baitaiteke hobe- kien. Eta hor zaituztegu zuek, ertz horretan, burdin elorri arantzez inguratutako talaian. Kontatu, esan, hitzak, behin eta berriz errepikatu, kantari zaharrak esango lukeen bezala «ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal». Gure minak, gure pozak, malko eta irribarreak. Txori hanka-arinek elurretan uzten dituzten arrastoak bezalaxe.
Bidali beraz, zuen sorkuntza lanak, irailaren 30a aurretik, ondorengo helbide honetara: Ataramiñe. 80. Posta-kutxa. 48200, Durango. Bizkaia. Euskal Herria.
Beso zabalik, orri zabalik, hartuko ditugu, mimatuko ditugu eta plazaratuko ditugu, denon artean. Bakarmortuaren erdian (eta honen aurka) ATARAMIñE lan kolektiboa baita, eta bizitzeko ahalegin hori azpimarratzera datoz, etorri ere, espetxean apailatutako euskal presoen sorkuntza lanak. Zuen lanen zain, zuen zain, beti.