GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak

Elkartasuna, aurrera egiteko gakoa Gasteizko jaietako Gazte Egunean

Kalejira! dinamikaren hirugarren geldialdia, atzoko Txosnetako Gazte Egunean. Iruñea eta Baionaren ostean, Gasteizko Gazte Karpan batu ziren Donostiako Piratak, Gora Iruñea zein Bilboko Kaskagorri konpartsa.

p046_f01.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Eguraldia ez zuten lagun izan atzo Gasteizen, eta Gazte Karpako antzerkia eta poteo feminista bertan behera utzi zituzten. Haatik, gazte bazkariak arrakasta lortu zuen, bertako gazteez gain hiri ezberdinetako gazte mugimenduen bisitarekin.

Bazkalostean Brock O´Lee kantautorearen emanaldia izan zuten, eta ondoren, Gazte Olinpiadak. Azken hau eta bazkaria, aspaldi ez dela aurkeztutako Kalejira! gazte mugimenduaren eskutik, zeinak herri edo jai ezberdinetako gazte mugimenduak kontaktuan jarri dituen, jaiak zein antolaketa era ezberdinak partekatzeko. Jolasak eta ezagutza eskutik joan ziren atzoko Gazte Olinpiadetan, eta hartara, beste hiri zein herriekin duten harremana borobila izan dadin, tribial moduko jokoa egin zuten, beste lekuen inguruko ezagupena izan eta hobetzeko. Txosnetan proba ezberdinak egin behar izan zituzten gazteek. Gainera, 22.30ean bideo emanaldiak, eszenografia, dantza, edota irakurketak bildu zituen ekitaldia egin zuten.

Gazteak, gero eta batuago

Bi gazte erakunde batuta sortutako kolektiboa da Gazte Karpa. Iaz izan zuten lehen urtea, Ikasle Abertzaleak eta hiriko gazte asanblada ezberdinak batuta, eta arrakasta sekulakoa izan omen zen: «Euren espazio propioa behar zuten bi erakunde zirela ikusi genuen, baina elkarrekin lan eginez emaitza hobeak lortuko genituela pentsatu zen, eta bide batez, Gasteizko gazteria guztiari egitarauaren berri ematea errazagoa izango zela», aitortzen du Gazte Karpako Ibai Intxaurrondok. Beraz, modu batean edo bestean, Gasteizko auzo ezberdinetako gazteek beren burua Gazte Karparekin «identifikatuta» ikustea lortu da. Joan den urteko arrakastaren jakitun, kalitatean hobetzearen alde egin dute, eta karparen ukitu herrikoi eta autogestionatua areagotu: «Aurtengo lanketaren ezberdintasun nagusia irekiagoa izatea izan da». Hala, bilerak egin zituzten bai Gasteiz mailan, bai Araba mailakoak, jendeak nahi zuen lantaldean sartzeko, dauden sei lantaldeetatik.

Gasteizko txosnen barruan aurkitzen da Gazte Karpa, eta bertan integratzeko ardura horrek bultzatuta gazteek ezaugarritzat dute elkarlana, hori dute lan egiteko ardatz: «Ezin da solapamendurik egon txosnaguneko beste kontzertuekin, ezin du batak bestea zapaldu; hori dela-eta, gure egitaraua hauek hasi aurrekoa eta bukatu ostekoa da», esan du Intxaurrondok. Horrez gain, gaueko ordu txikietan probak antolatzen dituzte; esaterako, herenegungo galtzontzilo eta kulero lasterketa edota akelarrea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo