GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Musikaren sorginkeriak

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikak sorgindu egiten du, norbera sorgindua izateko prest egon edo ez. Musikak ez du inoiz galdetzen bera gustuko duzun. Segituan sorginduko zaitu edo ez. Zer-nolako sorgin mota izan daiteke musika? Sorgintzen duena, izan ere, harrapatzen duenean ez du norberaren askatasuna inolaz ere deuseztatzen.

Gizarte tradizionalak ipuin sesgatuak eman ohi ditu, nahiz eta noizbehinka ipuin magiko eta irreal horietatik ihes egiten duten idazle trebeak ere badiren. Ipuinetako zein marrazki bizidunetako sorginek bi nortasun eredu azaleratzen dituzte, sorgin ona (polita normalki) eta sorgin txarra (itsusia eta sudur luzea). Musikaren sorginak ezin dira era horretara sailkatu. Musikaren sorginkeriak ere badu trebetasuna burmuinera ailegatzeko, nahiz eta ahalegin handiena egin hori ez dadin gerta. Gehienetan, baina, musikaren doinuekin doaz gure barruko sentimenduak. Musikak dio inor ez duela itxarongo. Itsasoko uhinak bezala joan eta etorrian ibiliko da etengabe. Musikarekin gozatu egingo dugu, ongi sentiaraziko zaitu, lagundu egingo zaitu. Musikak erakutsiko dizkigu zer-nolako fantasiak eraiki ditzakegun, zer-nolako egingabeko ametsak lor ditzakegun, bizipen berri eta desberdinetara eramango zaitu. Musika beti biraka, nonbaitera joan nahi duzunean lagunduko zaituena. Musikari bati galdetuta noiz egin duen abestirik politena, etortzeko dagoela erantzungo dizu. Eskutitz emozionanteenak ez omen dira inoiz iristen bere helbidera bere helburua betetzera. Baina musikarekin ez dugu hori esango. Etortzeko dauden abestiak onak badira sartuko zaizkigu, baina beti abestien memoriara joko dugu geure kuttunenak aurkitzeko geure diskotekan. Musika horiekin deskubritu ditugu paradisuak eta beti goaz abesti horietara edenera itzultzeko asmoz. Musikarekin ezagutu dituzu araurik gabeko munduak. Badira musikak ez dutenak limiterik eta probokazio hutsak direnak, musika beti egongo da haizeari xuxurlaka.

Musikak ez du bakarrik gaua piztuko, eguzki argitan dirdira egingo du. Musikak lerdokeriari muzin egiteko balio digu, baina soilik jarrera apurtzailea edukita, beti pentsamenduan. Norberak elikatu beharko du bere plazera lortzeko musikarekin. Horregatik esan daiteke musikaren leloak eta melodiak sorgindurik daudela, ez dutela inoiz abestiaren bukaera iristen utziko. Musika beti esnatuko da zure ondoan, beti izango duzu zure alboan. Musikarekin izango duzun sentsazioa da emeki arrastaka eramaten zaituela une oro. Horregatik esan dezakegu musikak, dagoen tokian egonda ere, maite gaituela. Horregatik maite dugu guk musika.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo