GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Pasilloaren pasioan

Jon GARMENDIA Idazlea

Goizaldeko bostak ziren. Atea ireki, eta bihurrikeriatan dabiltzan haurren irriño konplizearekin sartu ziren barrura. Atea itxi orduko, elkarri arropak eranzten hasi ziren eta ez zuten ohera ailegatzerik lortu. Pasilloa beti da toki egokia larrua jotzeko, bestelako funtzio interesgarririk ez baitu. Bularra bularraren pare, eta epeltasun hura, biek laket, baina iniziatiba beti darama batek. Ezpain haragitsuekin koxk, eta muxuen pasioz listu-guruinak isuri. Eskuin eskuarekin lepo atzea ferekatu, eta ezkerrarekin gerri azpia leunki goxatu, ipurdia lehenik, barrabilak ondoren. Hatz lodiarekin zakil buruaren azala heldu, eta erakuslearen laguntzaz, mantso-mantso, gora eta behera eraman. Kitzikatuz eszitatu. Mihiarekin, gorputza miazkatu gero, beso azpietatik izterren bueltaraino. Horzkada ttipiak orkatilen parean, eta ahoaren beroan behatzak sartu, tipitik handira, eskuekin oinei igurtzialdi arin bat emanaz. Imintzioak plazer betean. Eta bero-bero biak. Baina txanda pasa. Muxuz gero arte, sabelpera jaitsi, eta aluaren ezpainak xurgatu, behetik gora eta barrutik kanpora. Energiak kontzentratu. Hankartea umel, klitoria gorri, eta emeki-emeki harekin jolastu, gerezi hezurra bailitzan, baina haragizko. Arnasestuka desirak elkartu. Eta erritmoa eman, melodiaren oihartzunak segi, maitatu, maitasuna marraztu. Zeruetarantz hegal egin, zoramenean kulunkatu eta orgasmoraino iritsi, behin eta berriz. Bai. Baina heldu da iparreko hotza, halako amets bat ukan baituzu gaurkoan, eta zerbait gaizki egin bazenu bezala sentitu zara. Hala hasi duzu eguna.