GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Legutioko Kofradiek etenik gabeko lau egun hasiko dituzte

Lau egun eskas iraunagatik ere, kalitatezko kontzertuengatik nabarmendu ohi dira Legutioko Kofradia jaiak. Aurten ere, erromeria giro polita jarriko dute Kupela eta Tximeleta taldeek, eta doinu bizigarriak bermatuko, Boot Boys, Hesian eta Fan & Go-ren kontzertuek. Arratsaldeko zazpi eta erdietan botako du txupinazoa herriko ordezkaritza zabal batek.

p019_f02_47074.jpg

Amaia GARTZIA |

Legution gaur hasiko diren jaien biharamuna astelehena izango da. Lau egun irauten duten Kofradia jaiek eta egitarau erakargarriak etxerako baino kalerako bidea egiten laguntzen du. Kofradietatik izena baino ez zaie geratzen San Blasen omenez ospatzen diren jai hauei, eta egun ez da ezer geratzen ere antzinako kofradia bakar horretatik. Bestalde, jai hauek udalerri osokoak dira, Urrunaga, Elosu, Urbina, Goiain eta Legutio herriak batzen dituena.

Ordezkaritza zabal batek piztuko du gaur arratsaldean suziria 19:30ean. Bertako Gazte Asanbladak, Ampak, erretiratuek eta Legutioko udal batzarrak jaurtiko dute. Ondoren, danborrada igaroko da herriko kaleetan zehar, eta 20:00etan Kupela taldearen txanda iritsiko da. Tartean, eta taldeari atseden emateko, bertsolariak botilero lanetan arituko dira bertso-pilotan, 22:00etan hasiko den partiduan. Behin bukatuta, Kupelak ekingo dio berriz ere. Amaitzeko, Tximeleta taldeak joko du.

Bihar, fanfarreek ez, perkusio tailerrak esnatuko du herria, 11:30ean. Hurrena, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak izango dira, euskal kantutegiari errepasoa egingo diote jendea kantatzera animatuz, 13:00etan. 15:00etan, herri bazkaria egingo da, eta ohitura izaten den moduan, bazkalostean, mus eta briska txapelketa izango dira. 17:00etan, tentsioa tiroka askatzeko beta izango da, Zabalainen antolatu den paintball saioan. 18:00etan umeentzako jolasak izango dira. Herri arteko bolo txapelketa egingo da gero, 19:00etan, Arabako herrietako jai askotan bezala. Gauean, Boot Boys, Hesian eta Fun &Go taldeek musikaz beteko dute urtegiko inguru hori, 23:30ean hasita. Bestalde, inguruko herrietan ere ohitura den bezala, zizka-mizka eskainiko dute lotara joan aurretik, bai eta parrandarako gogoa dutenentzat ere. Kasu honetan, txoripan txorizo ogitartekoak banatuko dituzte.

Igandean, musikak eta folkloreak jantziko dute goiza, txistulari, abesbatza, euskal dantza eta triki-bertso-poteoarekin. 17:00etan, Sapali perkusioak aldakak dantzan jarriko ditu, eta horren ondoren, helduak zein txikiak mozorrotzeko unea izango da, mozorro desfile arrakastatsuarekin. 18:00etan egingo dute txikienek eta 21:00etan, nagusiek. Tartean, euskal labeldun hegaluzea dastatzeko aukera izango da, iluntzeko zortzietan. Aurretik, baina, Egan taldearen kontzertua izango da, arratsaldeko 18:00etan, aurrena eta 22:00etan, gero.

Legutio helikopterotik

Igandean eta astelehenean, bestalde, Legutio goitik begiratuta ikusteko aukera izango da, enpresa batek pertsonako 60 euroan helikopteroan buelta bat egiteko aukera eskainiko baitu. Kofradietako azken eguna bolo eta tortilla txapelketekin igaroko dute legutioarrek. Orobat, umeentzako antzerkia egongo da 17:00etan, eta 20:00etan Gorka Aginagalde aktoreak «El regrueso de Patxi» ikuskizuna eskainiko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo