GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Isabel Boveda eta Txuxmi Gomez | Judith Uriarteren lagunak

Judith, militante integrala

Ezin izan dute ekidin, paperean izan bada ere, Laudioko kaleetako hormetan Judith bere irribarrearekin Pabloren argazkiaren ondoan agertzea

Dakizuenez, Judith Uriarte hil zaigu. Askok, batzuek lehenagotik eta beste hainbatek azken asteetako gertaera tamalgarriengatik, jakingo duzue Pablo Gorostiagaren emaztea zela. Baina askoz ere gehiago ere izan da. Pertsona integroa eta militante integrala izan da, eraldaketa sozialaren, Euskal Herri berri baten eta mundu justu eta solidarioago baten alde, beti ahulenekin eta herritar xumeekin bat eginda.

1970eko hamarkadan, «feminismo» hitza gehienontzat sekta baten izenaren antzekoa zenean, Leioan antolatutako Euskal Herriko lehen Jardunaldi Feministetan hartu zuen parte; teoriatik praktikara, Laudio industrial berriaren protagonista bihurtu ziren Espainia, Galizia eta Euskal Herriko nekazari eremuetako familia etorri berrietako emakumeak heziketa eta kulturaren mundura erakartzeko izugarrizko lana dinamizatzeari ekin zion; Kultura Popularraren Zentroa, emakume taldeak...

Preso askok, bereziki Kanarietan, Andaluzian... konfinatutakoek Judithen ehunka bisitaldi eta milaka gutun jaso izan dituzte; inurri lan izugarria egin izan du eremu honetan ere, errepresioak jotakoak laguntzen nekaezin, eskuzabal eta umil aritu zelako. Beste herriekiko elkartasunari dagokionez, Nikaraguan denboraldia pasatu zuen brigada internazionalistekin.

Eta, esan gabe doa, Pablorekin batera bestelako «gaiztakeria» ugaritan beharrezko kolaboratzailea izan da, ezkondu zirenean Frantziara zapalkuntza eta gosearengandik ihesean ezer gabe heltzen ziren etorkin espainiarrei laguntzera joan zirenetik. Guraso lan betiere zaila txukun egiteaz gain, beren seme-alabei balioak transmititzeko saiakera arrakastatsua egiteaz gain, hainbeste proiektu eraldatzaile izan dituzte jomugan: lehen ikastoletako baten sorrera Laudion, oraindik frankismoan; herriko auzo langileak duintzeko eta boterea herriari hurbiltzeko auzo mugimendu asanblearioa; langile mugimendua, kultura eta jai adierazpen herrikoi andana...

Urteetan, beste behin ere beharrik handiena zutenak gogoan, Askatasunaren Teologiatik hurbileko Kristau Komunitate Popularretako partaide aktiboa izan zen Judithek elizkizunik gabe agurtzea nahiago izan du, berak festa bat nahiago.

Laudiok garai bakoitzeko jauntxoen mendeetako kontrolpean egoteari utzi izan bazion (Aiala kantzelaria, Urquijoko markesak, Jose Maria de Urquijo, frankismoan alkate botorik izan gabe, antza denez bere iloba Carlos egungo Baskongadetako inkisidore eta erregeordeak ere desio lukeen «demokraziara» gehien hurbiltzen den eredua), Laudion eta Aiaraldean gaur egun alderdi komisionistek beren nagusitasuna inposatzeko oztopo handiak aurkitzen badituzte, Judith, Pablo eta beste bakan batzuen lan argiari esker da, lan horrekin geroago beste ehunka batzuek eraldaketa-proiektu berberen inguruan geure harri koskorra ipini ahal izateko oinarria eraiki zutelako.

Agian hori guztia da, hain zuzen, estatuak eta beren laguntzaileek, zorurantz begiratzen ez dutelako beren etika aurkitzen ez duten horiek, Judith eta Pablori ankerki ordainarazi nahi zietena. Pairatutako guztia oso gogorra izan da, baina ezin izan dute beren helburua bete: ezin izan dute ekidin, paperean izan bada ere, Laudioko kaleetako hormetan Judith bere irribarrearekin Pabloren argazkiaren ondoan agertzea, eta biak batera ikuste soilak maite ditugun guztiak aurrera segitzeko indarberritu gaitu. Muxu handi-handi bat, ez adiorik!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo