GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Dulantzik gogotsu ekingo die gaur jaiei, ETS eta Vendettarekin

«Tripafina», dulantziarren ezizena hartzen duen Zeledonen «anaia txikia», herrira iritsiko da gaur arratsaldeko zazpietan botako den txupinazoarekin batera, eta astebetez jai giroa nagusituko da Dulantzin. Herritarren parte-hartzeak aurrekontua murriztea baina kalitateari eustea bermatu du. Horren adibide, gaur gauean, En Tol Sarmiento eta Vendetta taldeak izango dira oholtza gainean. Bihar, ordea, Akerbeltz, Rumbagerrilla eta Ataraxiaren txanda izango da.

p018_f02_39974.jpg

Amaia GARTZIA |

Txupinazoak eztanda egin orduko jaitsiko da Tripafina panpina bere herritarrekin festa giroan bat egiteko. Aurten, inoiz baino indartsuago datoz Dulantziko jaiak, eta zeresanik ez gaur ospatzen duten jaietako lehen eguna: alde batetik, En Tol Sarmiento taldeko errioxar geldiezinek joko dute, eta ondoren atzean gelditzen ez diren Vendettakoek, 22.00etan hasten den kontzertuan.

Musikak eta buruhandiek lagunduko diote Tripafinari jai giroa pizten Tullonium elkarteak suziria piztu bezain pronto. Ondoren, dantzak hartuko du lekua, Zarramakatilloren kalejira erraldoiarekin eta Haize Dulantzi dantza elkartearen dantza-plazarekin. 22.00etako bi talde gazteen kontzertuen ostean, DJ Taper Ware izango da ordu txikietan jaun eta jabe.

Bihar ordea, txikiek esnatuko dute Dulantzi, haur entzierroa izango baita 12.00etan, errekortari eskola ibiltariarekin eta poniekin. Eguna gazteenek hasi arren, Erretiratuen Eguna izango da biharkoa, eta bazkari batekin ospatuko dute. Bazkalostean bigantxez gozatzeko aukera izango da, arratsaldeko seietan, zezen plazan. 20.00etan Parradust taldeak folk doinuak barreiatuko ditu herri osoan, eta 21.30ean suzkoa ez ezik, urezko zezena ere izango dute herriko plazan. Amaitzeko, Akerbeltz taldearen berbena, eta Rumbagerrilla eta Ataraxia taldeen kontzertuak izango dira txosnagunean.

Igandeari dagokionez, fanfarreek hartuko dute herria eguerdian. Berriz ere, goiza haurrei zuzendua izango da, poni eta Oihulari Klown taldearen «Mamu txikiak» kale antzerkiarekin. Arratsaldean, errekortariak arituko dira bigantxak saihesten, eta 20.00etako dantzaldiaren eta pintxo-potearen ostean, ur eta suzko zezenek jarriko diote amaiera lehendabiziko asteburuari.

Herri bazkaria larunbatean

Hurrengo asteburuari begira, ekintzez lepo dator egitaraua. 12.00etan haur parkea zabalduko da, eta Tripafina margotzeko III. Haur Pintura Lehiaketa egingo da. Ordu berean, gazteenek dantza-triki-poteoa, ia dena uztartzen duen elkarretaratze errebindikatiboa egingo dute, bosgarren aldiz jarraian ospatzen den herri bazkarirako denbora egiteko, 15.00etan, hain zuzen.

Ondoren, karta jokoari helduko diote, mus txapelketarekin. Arratsaldean, gaueko zoramena heldu aurretik, Trapuzaharra taldearen «Vive Soñando» antzezlana ikusteko aukera izango da eta Murray magoak bere trukuekin aho bete hortz utziko ditu herritarrak.

Azken gaua agurtzeko, Haizama taldearekin erromeriak hartuko du herriko plaza, eta horrez gain Astalamo, Trikoma eta Enziska2 taldeen kontzertuak izango dira txosnetan. Bestalde, Dulantziko Udalak esker ona adierazi nahi izan die herritar eta elkarte ezberdinei, euren kolaborazio eta parte-hartzeari esker, jaietako aurrekontua 122.000 eurotik 40.000 eurora murriztea lortu dutelako egitarauaren kalitatea bere horretan mantenduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo