Royal Mail, koroaren harribitxia, pribatizatuko da
Royal Mail, Britainia Handiko posta zerbitzua, 497 urterekin munduko posta zerbitzurik zaharrena da. Cameronen Gobernuak jakinarazi duenez, datozen asteetan saldu egingo dute, pribatizatu egingo da. 150.000 langile dituen zerbitzuak, herritarren artean kuttuna eta ekonomikoki arrakastatsua dena, City-ko bankarien negozio egarri izan da aspaldidanik. Baina Royal Mail ez da pribatizatutako beste konpainia publikoen pareko. Koroaren harribitxia dela esan daiteke. Margaret Thatcher bera, beste konpainia askoren artean British Airways, British Telecom ala British Gas pribatizatu zituenak, Royal Mail saltzera ez zen ausartu.
Cameronek, baina, eskuliburu neoliberaleko argudioak erabiliz, «konpainiaren etorkizun osasuntsua eta epe luzeko bideragarritasuna bermatzeko» pribatizatzeko erabakia hartu du. Milaka posta bulegoen etorkizuna mehatxaturik eta posta zerbitzu publikoaren biziraupena kinka larrian dagoen bitartean, City-ko finantza marrazoak hortzak zorrozten hasiak dira. Datozen asteetan hasiko omen da prozesua. Eta datozen asteetan ere hasiko dira langileen grebak, indartsuak eta jendearen babes zabala eskuratuko dutenak. Jende zaharrak, nekazari giroko populazioak eta negozio txikiek pairatuko dituztelako saihetsezinak izango diren prezio igoerak eta zerbitzuen murrizketak.