GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi | Kazetaria

Inbidia

Osasunako jarraitzaileak (barkatuko al didazue, arren) Bartzelonako txikitxoen tiki-takaren inbidiatan dira. Duela dozena bat urtetik gora erositako auto dagoeneko kaskartu samarraren jabeak auzokidearen 4x4 itzel estreinatu berriaren inbidia dauka. Gitarra jo baino astindu besterik egiten ez duenak Jimi Hendrixen eskuena. Burua soiltzen hasitako gizaseme gazteak Mick Jagger aitonaren adats (itxuraz) sendo eta urdindugabearena... Eta asteazkenaz geroztik, zehazki ordulariaren orratzek arratsaldeko bostak eta hamalau minutu markatu zuten momentu horretatik, Euskal Herriko independentistok Kataluniaren inbidiatan omen gara. Besterik ez baita esan, entzun, idatzi eta irakurri azken orduetan, han eta hemen: tabernan, parkean, sare sozialetan, lagunartean... Inbidiatzarra!

Badakizue, maiteok, norberak faltan duena hurkoak eduki badaukalako erraietan beraietan pizten den desio hori. Inbidia. Ezinegona, tristezia edota mina (edo hirurak batera, eta gehiago) eragin dezakeen sentsazio hori. Inbidia. Eta nonbait irakurri dudanez, norberaren bide, ibili eta ekinbidea gehien mugatzen duen sentimendua. Inbidia. Jatorria konparazioan duena, norberaren burua gutxiesteko joeran eta, noski, desio den hori ezin eskuratuaren uste sakonenean. Inbidia.

Inbidia ez da ona, bestela ez litzaioke «sanoa» adjektiboa atzetik gehituko barru-barruko har gaiztotu horren horzkada arindu (eta justifikatu, albokoari saldu...) nahi izaten denean.

Eta kasu honetan, airean nagusitu den lurrinak atakaren trazatik du beste edozeretik baino, mugarenetik, lilura itsutuak berekin dakarren ezintasunarenetik.

Rocco Sifrediren 24 zentimetroko zakil ezin irmo eta zuzenagoari begira-begira, lerdea dariola, dabil bat eta bi baino gehiago asteazkenetik. Inbidiatan. Haren pare jartzearren, hankartekoa luzatzeko tramankulu horietako bat erosterik egon badago (tentaziotzarra), edo, aitzitik, naturak emandako txori txiki oker hau apreziatzen ikasi, behar duen lustrea eman eta larrutan, egunetik egunera, gero eta gehiago gozatzen hasi (italiarraren filmaren bat ikusteak ere lagun dezake...). Galdetzen badidazue, aukeran, ni bigarrenaren aldeko. Gaia egon badago, eta ez da uste dugun bezain txiki-okerra.

P.D.: Zorionik beroena Kataluniako herriari. Eutsi bideari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo