GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira | Bertsolaria

Herri zahar berri

Euskal bidea, Via Catalana delakoren parekidea litzatekeena, hain juxtu ere, premisa horretatik abiatu beharreko ametsa delakoan naiz orain. Alderdien gatibu izateari utzi eta herriaren burua eta bihotza herritarrek izan behar dutelakoan

Ederra da itxaropenak guztiari gaina hartzen dionean. Udaberriak negu amaigabearen amaiera iragartzen dueneko irribarre printza horiek zoragarriak egiten zaizkit; hurkoaren ezpainetan ere bai.

Marea gorri-hori bat ez nuke sekula imajinatu ere egingo nigan ezer on zitekeenik, norberaren izerdiaz bizilaguna aberasten ikusten duenaren injustizia sinesmen. Baina bai, herri bat txoria bailitzan hegan egiten has daitekeela ikustea, gurea izan ez arren, izugarrizko poz eztanda izaten ari da. Baita jakin-min eta kuriositate ugariren pizgarri, ume txikia sentitzeraino besterik ezer ez nekiela pentsatzera iristear nintzenean. Bye bye spain!

Nola irudika nire burua honela orain urte batzuk EGIko gazte urteetan sartuek Frantziako tourrean lelo hori erabiliz sentiarazten ziguten lotsa hain handia izaki, lelo berbera nirekiko errepikatuz, irribarre bihurriz zigarroaren joan-etorrien tarteetan, zigarroa bailitzan errauts bilakatzear den inperio hiltzaile horren patuaz gozatzen.

Nork pentsa lezake bart arratsez gaur goizerako modu honetara argia iristerik, nork sinetsi atzo izanen dela izaterik bihar, izan arren, gaur ez garen hura. Izan gabe garenon iluntasuneko negarrentzat bada, nonbait, makilakada ez den botika. Ez ordea dohainekoa, ez errezeta hizki xume eta ulergaitzez idatzirik gabe. Hara hor gakoa. Hara hor garai berrietan jarriko gaituen bide orria. Herria. Herriak hegatuko baitu herria inork egitekotan eta ez herriari hegoak jarri izanaren sariaren ameslariak.

Katalunian egun izaten ari dena, bestela, zergatik ez Euskal Herrian? CIU, Esquerra eta CUP, portzentajeak salbu, ez al dira EAJ eta orain Bildu izena duen (HB, EA) blokea? Orduan zergatik han bai eta hemen ez?

Ezin pentsa nezake besterik, zorigaiztoz, eta nago alderdi politikoak direla, paradoxikoki, gure gatazka politikoa ez aurrera ez atzera kateatzearen kausa nagusia. Errate baterako, Bake Lantalde ditxosozkoaren jaio aurreko heriotzari nahikoa adierazgarri deritzot... Egin nahi ez duenak ez du egingo eta nahi arren, bestearekin egitekotan zebilenak ere ez.

EAJrekin independentzia zail eta hura gabe ezinezkoa zela entzun nuen behin, oraindik ere izugarri miresten ditudan politikari batzuen arteko elkarrizketa informalean. Arrazoi borobiltzat nuen huraxe gaur arte, konturatu naizeneraino kateak ez duela inoiz egin inor aske. Euskal bidea, Via Catalana delakoren parekidea litzatekeena, hain juxtu ere, premisa horretatik abiatu beharreko ametsa delakoan naiz orain. Alderdien gatibu izateari utzi eta herriaren burua eta bihotza herritarrek izan behar dutelakoan.

Han ere, Jordien eta Mossoen herrian, herritarrak baitira agintariei aginduak ematen ari zaizkienak, zer egin eta nondik jo exijitzen dietenak. Herri eta jendarte orok duelako gorbatadun politikari batzuek baino askoz ere hobe ordezkatuko duen ikur hezur-haragizkorik. Baita guk geuk ere. Argazki batean Urkullu, Mintegi, Larreina, Zabaleta eta abar ikusten ditugunean ez baitugu Euskal Herria ikusten. Baina badira, argazkian batuz gero, Euskal Herriko mapa ixkinatik ixkinaraino marraztua ikusaraziko liguketenak aunitz. Izatekotan, hortik. Momentuz, bye bye Spain baino, bye bye Catalunya.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo