GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Ayllonen «Ez tiro egin anbulantziei» lanak jaso du Igartza saria

Aurkeztutako 25 proiekturen artean, Mikel Ayllon laudioarraren «Ez tiro egin anbulantziei» eleberri proiektuak eskuratu du XVI. Igartza saria. «Teknikaz ausarta eta denbora kronologikoa irauli izana» gustuko izan du epaimahaiak. Eleberria 2015. urte hasieran argitaratzea espero dute.

p045_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Mikel Ayllonen «Ez tiro egin anbulantziei» proiektua izan da Igartza sariaren irabazlea hamaseigarren edizioan. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen duten sariketa honetara 25 proiektu aurkeztu dira aurten eta garaileak 6.000 euro izango ditu urtebeteren buruan eleberria bukatzeko. 2015aren hasierarako argitaratzea espero da, beraz.

Epaimahaia Uxue Alberdik -8. edizioan saria eskuratu zuen «Aulki bat elurretan» lanarekin-, Igor Estankonak eta Xabier Etxeberriak osatu dute.

Mikel Ayllon Laudion jaio zen 1980an. Kazetaritza kolaborazioak egin izan ditu Hala Bedi irratian eta GARAko gazte gehigarrian. 2001ean Haikaren kontrako operazioan atxilotu egin zuten eta urte eta lau hilabete preso egon ondoren, baldintzapeko askatasunean atera zen. Kartzelan ezagutu zuen Paul Asensiorekin argitaratu zuen bere lehenengo liburua, «Gerezi gorrien garaia» (Txalaparta), gazte erakundearen inguruan izandako makroepaiketaren kronika egiten zuena, hain zuzen.

Askatasuna, herioa, maitasuna

Hiru zatitan banatuko da eleberria eta bakoitzean gai bat izango du ardatz: askatasuna, heriotza eta maitasuna. «Hiru gai unibertsal, beti presente egon direnak eta garai berrirako ere hiru ardatz izango direnak», azaldu zuen atzo Ayllonek. Izan ere, «liburu garaikidea» sortu nahi du. «Nahiko agerikoa da garai aldaketa bat bizi dugula. Orain arte munduari begiratzeko izan ditugun manerak urratzen ari dira, errealitatea arrakalaz betetzen ari da eta nolabait hondoratzen ari da orain arteko statu quoa, maila guztietan, politikoan, sozialean, kulturalean, ekonomikoan... Horren gaineko hausnarketa egiten du. Bukatzen ari den garai zahar baten eta ireki behar denaren artekoa».

Gerard eta Silvye dira pertsonaia nagusiak. Silvyek argi du garai hau bukatzen ari dela eta zerbait egin behar duela, aktibista bat da eta bere zenbait erabakiren ondorioz, garai berri bat irekiko da, baina ez berak aurreikusitakoa. «Nolabait bere buruari traizio egingo dio, kasu honetan Gerardekiko maitasun sentimenduak izango dira, eta bere mundu berri hori hondoratu egingo da».

Teknika aldetik, konplexua aurreikusten du Ayllonek. Istorioa atzekoz aurrera kontatzen da, atal bakoitzean kontatzeko modu ezberdin batekin. Hasieran Gerard kartzelan agertzen da, askatasunaren gaineko hausnarketa egiteko muturreko askatasunik eza irudikatuz, idazleak pairatu behar izan zituen egunak oso presente izanik.

Lehenengo atala hirugarren pertsonan hasten da, gero bigarrenean, eta azkenean Gerardek berak kontatzen du. Bigarren zatian, Silvyeren heriotzaz hitz egiten da eta kazetari batek kontatzen du. Azkeneko zatian, bien arteko harremana elkarren arteko elkarrizketa luze bat da, antzerkiko gidoi baten modukoa. Bukaeran erantsi txiki bat egongo da, non Silvyek berak kontatuko duen bere historia, liburuan zehar gertatzen ez dena baina berak nahi zuena.

URTEBETEKO EPEAN

Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzea dakar. Ayllonek teknika narratibo ezberdinak erabiltzeko asmoa du eleberrian. Urtebeteko epea du lana bukatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo