GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Ez dela posible?

 

11.500 biztanle inguruko herria da Oñati. Legazpi, Bergara eta Arrasaterekin muga egiten du nire jaioterriak. Oker ez banabil, Gipuzkoako hedadura handiena duen herria da, mendi eta baso kilometro ugari dituelako. Gipuzkoako zaindaria Arantzazun dago, eta gipuzkoar askondako munduaren bukaeran gauden arren, izugarri herri polita da txantxikuon herria.

Baina herri zoragarri honetako biztanleok, pixka bat pitzatuta egotearen fama dugun arren, benetan jende jator eta karismatikoz beterik dago. Niretzat bereziki, karisma berezia duen pertsona bat, nire aita zenaren lagun min bat da. Ruper Ordorika, Oñatik azken urteotan eman duen pertsona ezagunena segur aski.

Asko atsegin dudan «rupertoriotik» ezbairik gabe, «Ez da posible» zioen abestia izango da Ruperren zaleok gehien entzun duguna. Liburuei begiratu, eta teoriei kasu eginez gero, McDonaldseko hanburgesa, snickers eta coca-colekin elikatzen den 41 urteko txirrindulari batek sekula ez luke hiru asteko itzuli bat irabazteko aukera izan behar, baina Ametsek beste behin izugarrizko lan ona egin duen etapa honetan Nibaliri jan dion errenta kontuan hartuta, eta maillot gorria 3 segundora duelarik, Ruperren abestia atzekoz aurrera jarri eta posible dela deritzot.

Baliteke ez lortzea, baina moralez beterik gaudela kontuan hartu eta geratzen diren bi bukaera gogorrekin, Vuelta hau irabaz genezakeela uste dut.

Nire hurrengo zutabea Angliruko etaparen ondoren izango da, eta ordurako, Chrisek Vuelta hau irabaziko duen ala ez jakingo dugu.

Gure txantxikutar ezagunenak, ez da posible esaten zuen bere abestian, baina beste txantxiku berriketoso batek posible dela uste du. Espero dut, behingoagatik, Ruper handiak arrazoi ez izatea, eta maillot gorria guretzako izatea.

Nik baietz diot, eta zuek??? Apustuak apustu, pare bat egunetan egingo dugu hitzordua.

Ordura arte, ondo izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo