Ikasle gipuzkoarren kopurua mugatu du Hendaiako Herriko Etxeak
A.M. |
Bidasoaz beste aldeko haur gehiago ez dituzte onartuko Hendaiako ikastetxe publikoetan. Hala erabaki du Herriko Etxeak, Paueko Hezkuntza Ikuskaritzaren oniritziarekin. Aldez aurretik, Irun eta Hondarribiko udal arduradunei eta baita bere inguruko Lapurdiko beste herriei ere arazoa planteatu eta erabakiaren berri eman zien bere garaian.
Izan ere, Hendaian orotara eskolatuak dauden 3.129 ikasleetatik 577 Gipuzkoatik joaten dira egunero bertara (horietatik, 183 eskola publikoetara). 1.420 ikaslek ekin diote aurtengo ikasturte berriari sare publikoan, iaz baino 32 gehiagok. Haur Hezkuntzan eta Lehen Mailan inskribatu berriak 241 izan dira (13 Hego Euskal Herrikoak).
Jean-Battite Sallaberri auzapezak adierazi du ezinezkoa zaiela joera horri eustea. «Azken hiru urteotan, bereziki Irun eta Hondarribitik gure ikastetxera datozen haurren kopurua hirukoiztu egin da. Horrek arazo asko ekarri ditu. Ikasle horien %66 ez dira frantsesez mintzatzen. Gainera, ikasgelak eta jangelak bete-beteak ditugu, eta ez da ezkutatu behar diru arazo bat ere badela, eskolatzea doakoa baita eta ez dute zergarik ordaintzen».
Aurrerantzean soilik lehendik anai-arrebaren bat bertan eskolatua duten ikasleak hartuko dituzte. Egun Hendaiako ikastetxeetan dauden ikasleei lehen maila bukatzea bermatuko zaie. Hortik aurrerako ikasketen ardura ez da Herriko Etxearena, Kontseilu Nagusiarena baizik.
Ikastola berria
Bestalde, ikastola berriaren eraikuntzan laguntzeko Udalak apirilean onartu zuen mozioaren kontra prefetak ezarritako helegitea atzo aztertu zen Paueko Auzitegian.
Estatuko ordezkariak bi eskaera egin ditu. Batetik, erabakia deuseztatzea, eta bestetik, behin-behinean etetea. Izan ere, lehen prozedurak hilabeteak eman ditzake auzitegiak ebazpena hartzerako. Alta, bigarrenari buruzkoa datorren astean argituko da ziur aski.