Erlojupekoa martxan, astebete falta baita euskararen alde lasterka egiteko
GARA |
Aurten bigarren aldiz, Kontseiluak herri lasterketak antolatuko ditu Euskal Herriko hainbat herritan, «Euskaraz bizi nahi dut» kanpaina handiaren barruan. Lasterketa hauen helburua «euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin eta egindako hautu hori harrotasunez adieraztea» da. Irailaren 21ean hasi eta urriaren 20ra bitartean egingo dira. Atzo Iruñean agerraldia eskaini zuten, herrietako antolatzaileekin batera.
Momentuz berrogeita hamar herrik baino gehiagok eman dute izena ekimenean, baina elkarteak adierazi duenez, ekimena zabala da, eta jendetsua izatea nahi dute. Horregatik, beste edozein herritan ere antolatu daiteke ekimen osasungarri hau. Inork bere herrian antolatu nahi izanez gero, honako helbidera idatzi beharko du: info@euskarazbizinahi dut.org
Ekimen honen bitartez, euskaraz bizitzeko nahia agertzeaz gain, talde lana ere sustatu nahi dute. Ez dira lasterketa lehiakorrak izango, baizik eta kirola eta euskara uztartuz antolatutako korrikaldiak. Lasterketa herrikoiak eta famili giroan egitekoak antolatu dira, alegia, kirola eta euskara ardatz dituen ekimen osasungarria da berau. Hori dela-eta, haurrentzat eta helduentzat prestatutako ibilbide berezituak egongo dira, guztiontzat moldatutako ibilbideak hain zuzen.
Era berean, bestelako ekimenak ere jarriko ditu martxan Kontseiluak hilabete hauetan.
«Euskaraz bizi nahi dut» egitasmoak 2010eko maiatzaren 15ean Iruñeko kaleetan egindako manifestaldian hasi zuen bere ibilbidea.