GARA > Idatzia > Kultura

Pirritx eta Porrotx pailazoek programazioan tokirik ez izateko eskatu dio Urquijok EITBri

Gobernu espainolaren EAEko ordezkariak, Carlos Urquijok, Maite Iturbe EITBko zuzendari orokorrari eskatu dio Pirritx eta Porrotx pailazoak protagonista dituen tarterik ez dezala sartu programazioan.

GARA | DONOSTIA

Pirritx eta Porrotx pailazoen «agerraldi publiko eta mediatikoak ETA erakunde terroristako presoei babesa eskaintzean oinarritzen diren bitartean», EITBko programazioan inolako tarterik ez eskaintzeko eskatu dio Carlos Urquijok, Gobernu espainolaren EAEko ordezkariak, Maite Iturbe EITBko zuzendari orokorrari.

Urquijoren idatzia hainbat komunikabidetan agertutako informazioaren ondotik dator. Bertan aurreratzen zutenez, denboraldi honetako programazioan tarte bat izango lukete Pirritx eta Porrotxek ETB3 telebista katean, orain arte sekula izan ez dutena.

Estatu espainolaren ordezkariaren esanetan, «bikote itxuraz komikoa osatzen duten pertsonak Lasarte-Oriako zinegotziak izan ziren, ETA erakunde terroristarekin izandako loturagatik ilegalizatutako alderdi politiko batekin». Urquijok gaineratzen duenez, Aiora Zulaikak (Pirritx), «ETAk Froilan Elespe zinegotzi sozialista hil zuenean, uko egin zion espresuki kondenatzeari».

Urquijoren ustetan, «aipatutako programa hori diru publikoarekin finantzatzen den telebista batean emititzeak urratu egingo luke Gasteizko Legebiltzarraren 4/2008 Legea, ekainaren 19koa, terrorismoaren biktimen errekonozimendu eta erreparazioari, baita irailaren 22ko 29/2011 Legea ere, terrorismoaren biktimen errekonozimendu eta babes osoari buruzkoa, programaren hartzaileak diren adin txikikoei kalte konponezinak eraginez».

«Errealitate distortsionatua»

Hein horretan, Urquijoren idatziak gaineratzen du pailazoek zabaltzen eta sinbolizatzen duten mezua Euskal Herrian «terrorismoak eta bere eragileek» izan duten lekuari buruzko «errealitate distortsionatu, partzial eta zital» bati dagokiola, «argi eta garbi biktimen duintasunari eta gure memoria historikoari kalte eginez».

Maite Iturberi zuzendutako idatzia Iñigo Lamarca Arartekoari bidali dio Carlos Urquijok, «beste zenbait zereginen artean, adin txikikoen eskubideen babeserako erakundea izanik, jakinaren gainean izan dadin eta hartu beharreko neurriak har ditzan», Gobernu espainolak EAEn duen ordezkaritzakoek azaldu zutenez.

ARARTEKOARI

Urquijok Arartekoari bidali dio Maite Iturberi zuzendutako idatzia. Bere ustez, Pirritx eta Porrotxek «zabaltzen eta sinbolizatzen duten mezua errealitate distortsionatu, partzial eta zital bati dagokio», eta programaren hartzaileak diren adin txikikoei «kalte konponezinak eragin» diezaieke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo