GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Egiako porrontxoetan, jai herrikoien aldarrikapena egingo dute gaur kuadrillek

Sudurra jantzita, jai herrikoiak aldarrikatuko dituzte gaur Egiako kuadrillek, porrontxoetako ospakizunetan, Plaza Haundin egingo duten bazkaria aprobetxatuz. Hiru hamarkadetako ildoari eutsiko diote.

p021_f02_149x105.jpg

Martxelo DIAZ | DONOSTIA

Jai herrikoien alde sudurra jantziko dute gaur eguerdian Egiako kuadrillek. Ekimen hori egiteko Porrontxo jaietako kuadrillen bazkaria aprobetxatuko dute, La Jodederak alaituko duen bazkaria. Antolatzaileek azaldu dutenez, ez da aparteko ezer izango, baina sorpresa izango dela nabarmendu zuten. Hori dela-eta ez zuten detailerik aurreratu nahi izan. Dena den, azken egunotan SinTotxa mugimenduak Egian sudurrak banatu dituela jakin badakigu. Argazki ederra egingo dutela ziurtzat eman dute antolatzaileek, kuadrillen bazkarirako 500 egiatarrek baino gehiagok eman baitute izena.

33 urte bete dituzte aurten Porrontxo jaiek, betiere Egiako auzotarren lanaren eta parte-hartzearen ildoan antolatuta. Donostian jai herritarren erreferentea izatea lortu dute urte hauetan. Antxeta-Ttan Ttakun aisialdi taldeak ere urte mordoa darama Egian auzoko milaka haur eta gazteren arratsaldeak eta udak alaituz. 30 hain zuzen. Hori dela-eta hautatu zuten Porrontxo jaietako antolatzaileek ostegunean txupinazoa pizteko. «Festek eta elkarteak elkarrekin egin dute bidea hiru hamarkadotan eta omenaldia egin nahi diegu», azaldu zuten.

Ibilbide horretan batzuek pauso ugari eman dituzte, eta oraindik ere porrontxoetan parte hartzen jarraitzen dute, kale egin gabe. Aurten protagonismo berezia izango dute eta 30 urte eta piko hauetan Jai Batzordean aritu diren beteranoek beren neurrira eta guztien gozamenerako egindako ekitaldi sorta antolatu dute. Besteak beste, atzo kuadrilla beteranoen afaria eta guatekea izan zuten Tejerian. Gau latza izango zen atzokoa, dudarik gabe, baina ziur asko guztiak izango dira gaurko bazkarian eta jai herrikoiak aldarrikatzeko ekimenean. Azken hiru hamarkadetan egin duten bezala.

Kimu berriak ere ez direla nagiak nabarmendu dute antolatzaileek. Atzo bertan Gazte Eguna ospatu zuten. Gazte bazkariaren ondoren, Atxurraren Bila izeneko joko-poteoa egin zuten. Horrekin batera, arratsaldean Donostiako beste auzoetako gazteei harrera egin zieten Atotxan, porrontxoetara gonbidatuz.

Ibilibide luzea dute dagoeneko Porrontxo jaiek, eta teknologia berriekin ere arras ongi ari dira, aurten sare sozialen aldeko ahalegin berezia egin dutelarik. Helburua #porrontxojaiak traola UMAPek osatzen duen euskal trending topic-en zerrendan sartzea izan da. «Txapa galanta ematen ari gara», onartu zuten.

Egitarau zabala dute gaurko porrontxoetan. 20.00etan, esate baterako, hautua egin beharko da Plaza Berrin film laburren emanaldia, Plaza Haundin dantza emanaldia -Trebeska taldearen eskutik- eta auzoan zehar herri krossa daudelako. Musika emanaldiak ere ugari izango dira gaur gauean: Haitzama Plaza Haundin, kalejira eta aurresku herrikoia, Baldarrak txaranga auzoan zehar eta Rock Kam Brom!!! taldearen emanaldia kamioi eta guzti Egia osoa zeharkatuz. Bat hautatzea lan zaila izango da!

rock kam brom!!

Rock Kam Brom!! taldeak Egiako kaleetan barrena ibiliko da gaur gauean kamioi baten gainean giroa alaitzeko asmoarekin. Gaur gauean porrontxoetan izango den musika eskaintzaren ale bat baino ez da.

oilaskoa gosarian

Gaurko gaua gogorra izango da, eta bihar ere jaiek aurrera egingo dutela kontuan hartuta, eguna indarrez hasteko oilasko errea gosaltzea aukera ezin hobea da. Goizeko zazpietan, Plaza Haundin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo