Abel BARRIOLA | Aspeko atzelaria
«Beti izan dut konfiantza, baina egia da irabazteak beste puntu bat ematen dizula»
Maila honetako pilotariekin ez dago ezustekotzat hartzerik, baina ezbairik gabe, Abel Barriola udako pilotarietako bat izaten ari da. Aimar Olaizolarekin batera, bera da torneorik gehien irabazi duen pilotaria -Iruñea, Bilbo eta Lekeitio-, baina hori baino garrantzitsuagoa da agian bere eskuineko kolpea berreskuratzeaz gain, bere betiko lehiakortasunak horren indartsu jarraitzen duela nabaritzea.
Jon ORMAZABAL
Une txarretan galdu ez duen irribarre eta prestutasunarekin hartu du Abel Barriolak GARAren deia.
Uda bikaina daramazu, ba al da aparteko sekretu edo arrazoirik?
Egia da uda honetan emaitzak lortu ditudala, baina aurreragotik ere, eskuz banakakoan, lan ona egin nuela iruditzen zait, sentsazioak binakakoan baino askoz hobeak ziren. Azkenean pilota hamabi hilabete dira, eta momentu hobeak eta txarragoak egoten dira.
Hala ere, egia da garaipenek eta konfiantza ematen dutela, baina betiko zalantza zera da, ez dakizu konfiantza duzun garaipenengatik, edo garaipenak lortzen dituzun konfiantza gehiagorekin zaudelako. Baina gauza da maila ona ematen ari naizela eta oso gustura nagoela.
Irabazteak, ordea, emango du puntu berezi bat ezta?
Baina ez niri bakarrik. Kirolean azkenean denon lana izaten da prestakuntza ona egin eta gero frontoian maila ona ematea. Baina batez ere kirol profesionalean, irabazteak beti badauka txispa berezi bat, indar gehiago ematen dizuna, konfiantza gehiago, alaitasun gehiago entrenatzeko eta denetarako. Boladak egoten dira eta batzuetan gauzak hobeto joaten dira zergatia ondo ez dakizun arren, beti bezala entrenatu duzulako.
Eta binaka irabaztea berezia al da? Buruz buru beti goian egon zara, baina binakako azken bi txapelketetan emaitzak ez dira batere onak izan...
Iazko Binakako Txapelketan eta aurtengoan uste dut ez nuela nire mailarik eman eta horrek nahiko kezka eragiten du. Beti izan naiz, nire dohainengatik, manomanistako pilotari hobea baina uste dut aspalditik binaka ere maila ona eman dudala, udako torneo dezente irabazi ditut eta txapelketa nagusian ere goian egon izan naiz. Baina, azkenean, kirolean ez dago sekretu berezirik, lana egin eta aukerak etorri arte saiatzea beste erremediorik ez dago.
Alde horretatik, Irujorekin San Fermin txapelketa irabaztea liberazio moduko bat izan zen? Orain bi urte faborito garbiak zineten eta dena gaizki irten zen...
Gainetik pisu bat kentzea izan zela ez nizuke esango, baina bai poz berezi bat eman zigula. Zeren, azkenean, ezusteko txarrak eta ezusteko onak egoten dira eta urte horretan Juanek eta biok txapelketa oso ondo hasi genuen, baina oso bukaera txarra eman genion, ez ginen finalerdietarako sailkatu.
Alde horretatik, sanferminetako torneoa irabaztea berezia izan zen: irabazteagatik, eta Juanekin izan zelako are politagoa izan zen. Gainera, gure etxeko torneoa da, giro bikaina izaten da eta irabaztea polita izan zen, batez ere niretzat, urte pare bat ziren torneorik irabazi gabe eta berriz ere garaipenaren zapore hori izatea berezia izan zen.
Gainera, zure buruari onenei irabazteko gai zarela erakutsiz...
Azkenean nik ere urteak daramatzat honetan eta esperientziak esaten dit, askotan gauzak ahalik eta hobekien eginda ere ez direla ateratzen eta beste batzuetan ondo irteten direla. Neure buruarengan baneukan konfiantza «ratxa txar hori bukatuko da, eta etorriko dira garai hobeak» hori esateko. Konfiantza txiki hori izan dut, baina elkarrizketa guztian esan duguna, konfiantza hori beti izan arren, irabazteak beste puntu bat ematen dizu, beste poz bat.
Gainera, horren indartsu datozen atzelari gazte hauei «hemendik zuk kendu beharko nauzu» ere esan beharko zaie...
Azkenean, erdaraz esaten den bezala, «ley de vida» da. Gazteak badatoz, eta ez pilotan bakarrik, kazetaritzan, denean... bizitzako arlo guztietan hala gertatzen da eta gazteak bere lekua egin nahi izaten du. Beteranoak, bere aldetik, hor jarraitu eta zergatik ez, ahal bada, maila hobea eman. Hor gerra txiki batzuk izaten dira, baina gerra oso politak dira, azkenean bat beso freskoarekin dator, besteak esperientzia dauka, bakoitzak bere jokatzeko estiloa eta azkenean partida politak ikusten dira. Nire burua horiekin borrokatzeko gai ikusten dut, beteranoak kantxan irabazia du hor borrokatzeko eskubidea, hor jarraitzen dut eta espero dut hor jarraitzea urte askotan.
Uda amaitzeko, San Mateokoa Xalarekin... Irabazteko prest?
Aurrelari bikaina da Yves joko puntu onean dagoenean, artaldetik kanpoko pilotaria da, eta alde horretatik aurrelari bikaina da. Atzelariari ikaragarri laguntzen dio, eta aurrez ikusita behintzat, torneo polita egin dezakegu. Gero betikoa, kantxan ikusi beharko da eta hor eman beharko dugu maila. Aurrean ditugun bi bikoteak oso konbinazio politak dira, oso aurkari gogorrak ditugu, baina beti bezala, irabazten saiatuko gara.