«Nastic-era etorrita hazten jarraitu nahi nuen, eta noraino irits naitekeen probatu»
Futbolaria
Beñat Aleman iruindarrak lehen denboraldia du aurten Tarragonako Nastic-en. Azken urte hauek ere Tarragonan egin ditu, baina Reus taldean. Beraz, ez da mailaz aldatu, baina bai hiriz, eta aurten, gainera auzoko aurkariaren taldera joan da jokatzera. Bera gustura dago, eta oraingoz aldaketa horren inguruko kritika handirik ez du jaso. Bigarren Mailara igotzea da aurtengo bere ilusioa.
Jon LEUNDA
Castillejo entrenatzaileak eraman zuen Beñat Aleman Iruñeko San Juan taldetik Reusera. Aurten Nasticek fitxatu du entrenatzaile nafarra, eta berak bere alboan nahi izan du erdilari iruindarra.
Nola doaz lehen hilabeteak Nastic taldean?
Ongi, oso gustura nago Nasticen. Egia esan, lehen ere ezagutzen nuen Tarragona, Reusen egon naizelako, baina taldea dezente aldatzen da. Dena dela, oraingoz, behintzat, ez nago kexatzeko moduan.
Nasticera joaterako orduan Santi Castillejo entrenatzaileak zerikusirik izan al du ?
Bai, bai, dena. Berak eraman ninduen San Juanetik Reusera, eta niregan beti konfiantza handia erakutsi izan du. Berak honantz etortzeko deia egin zidanean, ez nuen zalantzarik izan.
Bera izan al da zu Nasticera joateko arrazoi bakarra?
Ez, bakarra ez. Garbi dago entrenatzaile batek zuregan konfiantza izateak garrantzi handia duela, eta seguruenik ere bera izan ez balitz ez nintzela Nasticen egongo, baina ez da arrazoi bakarra izan. Azken batean hazten joan nahi nuen, probatu noraino irits naitekeen. Reusen helburua Bigarren B Mailan mantentzea zen, eta Nasticena, berriz, igotzea. Helburu hori ere probatu nahi nuen.
Beraz, igotzea da zuen helburu bakarra?
Hasteko, igoera fasea da markatu diguten helburua, baina uste dut talde oso ona daukagula, maila oso handikoa, eta garbi dago Nastic bezalako talde batentzat igoera fasea jokatu eta ez igotzeak ez duela balio. Garbi daukagu gure erronka Bigarren Mailara igotzea izango dela.
Aldaketa handia nabaritu al duzu Reusetik Tarragonara?
Aldea badago. Azken batean, Tarragona hiriburu bat da, eta ez dira urte asko taldea Lehen Mailan zegoela. Taldean dagoen maila ikaragarria da, eta aldaketa hori nabaritzen da. Hemengo konpetentzia handiagoa da.
Nola hartu dute Reus taldeko zaleek zu auzoko taldera joatea?
Oraingoz ez dut ezer nabaritu. Beraien aurka han jokatzen dugunean ikusi beharko dut ea nola hartzen nauten. Hemen bai, behin baino gehiagotan gogorarazten didate honantz etorri aurretik non ibili naizen.
Nolakoa da Nastic ikustera joaten den zalea?
Ona. Dezente eskatzen dute, baina hori ere normala bada, azkenaldian behera egin baitute. Estadioa oso ona daukagu, Lehen Mailakoa, eta jende dezente etortzen da ikustera. Gero, gazteek badute peña bat, eta haiek asko animatzen dute taldea. Horrelako peñak asko nabaritzen dira, eskertzekoa da beraiek egiten duten lana ere.
Ligaz gain, Kopan ere zerbait egin nahiko duzue ezta?
Europan ari diren Lehen Mailako taldeen aurka jokatzeko aukera paregabea daukagu. Horretarako kanporaketa bat gainditu behar dugu, eta uste dut Burgos CF gainditzeko modukoa dela. Hori lortzen badugu Europan dabilen Lehen Mailako talde baten aurka jokatuko dugu. Zaleentzat ederra izango da, baina guretzat ere bai.
Bartzelona izan daiteke zuentzat aurkaririk aproposena?
Nik Real Madril esango nuke. Hemen Bartzelonaren aldeko asko dira, baina asko dira baita ere Bartzelonara joaten direnak partidak ikustera. Real Madril ikustea zailagoa da, eta pentsatzen dut, alde horretatik gusturago hartuko dutela. Dena dela, guretzat eta klubarentzat, garbi dago bi horietako bat izango litzatekeela aurkaririk onena.
Instalazio aldetik asko aldatzen al dira gauzak Reusetik Tarragonara?
Ez pentsa. Nik esango nuke berdintsuak direla. Biek ere instalazio onak dituzte, bai jokatzeko eta bai entrenatzeko. Aldatzen dena estadioa da. Reusena ere oso polita da, baina 5.000 ikusle sartzen dira, eta Tarragonan, berriz, 15.000. Hor dago aldea. Gainerakoan, ez dut aldaketa handiegirik sumatzen.
Reusen hamaikakoan ohikoa zinen, Nasticen, berriz, ez. Zergatik da hori?
Aurrez esan bezala, konpetentzia handiagoa da hemen, eta hori da arrazoia. Minutu asko ari naiz jokatzen, eta alde horretatik ez naiz kexatzen. Beti jokatzeko garbi dago lan asko egin behar dela, eta horretan ari naiz. Jokalariontzat ere ona da honelako konpetentzia izatea.
Orain ere jarraitzen al duzu Iruñeko San Juan taldea ?
Bai, bai. Urte ederrak bizi izan nituen han, eta oraindik lagun asko dauzkat. Harremana izaten jarraitzen dut haiekin. Iaz ia Bigarren B Mailara igo ziren. Ea aurten igotzen diren.