GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www. elomendia.com

Errepresioa makila ez ezik amua ere bada

 

Zorionez, kalean daude Herrirako atxilotuak. Kalean, baina ez libre. Erdi Aroko gure aurrekoek argi zutenez, jende librea izateko herri librea behar da. Gainera, izugarrizko akusazioak luzatu dizkiete, hainbat baldintzapean itzuli dira etxera eta leporatzen zaien jardueran jarraitzea debekatu zaie. Kartzela baino hobe da hori, baina ezin zaio askatasun deitu.

Goiz da eraso honen azterketa sakonik egiteko. Pentsa liteke kaleratzea ez datorrela bat atxiloketen inguruan ikusitakoarekin. Horretarako, errazagoa zen deklaratzera deitzea, baina espainiar epaile bereziez ari gara, frankismoaren Tribunal de Orden Publico-aren ondorengoez, eta Guardia Zibilaz eta ministro ultraeskuindar fundamentalistez. Koktel horretan gozotasun gutxi espero daiteke. Denek partekatzen dituzte estatu arrazoia eta espektakulu errepresiborako joera.

Atzera egin behar izan dute, hein mugatu batean bada ere? Hau zuten helburua? Zer gertatu da? Zer garrantzi eman diote Euskal Herrian piztu den egonezinari? Galdera hauek erantzuten saiatzea tentagarria da, baina askoz ere garrantzitsuagoa da, ene uste apalean, sarekada gauden testuinguruan kokatzea.

Baina, zein da testuingurua? Laburki esanen nuke prozesuen arteko talka dela egoeraren ezaugarri nagusia. Alde batetik, gatazka konpontzeko prozesua, zeinean hainbat euskal eta nazioar- teko eragile baitaude, baina ez espainiar eta frantziar estatuak, ezta beren menpeko eragileak ere.

Bestalde, estatuek, agenda neoliberala gauzatzeko prozesuan dauden bitartean, sezesio prozesua ikusten dute Euskal Herrian. Haien ustetan, bakea adosteko esku luzatuak «agur» esaten du, «hitz egin dezagun» baino. Sentitzen dute batera doazela konponbidea eta euskal herritarron autoantolaketa, zer eta indar oroz galarazi nahi dutena.

Bi estatuetan berrantolatze prozesuak abiatu dira, estatuak indartzeko helburuaz. Inboluzioa nagusitzen ari da Estatu espainolean, Katalunian piztutako suak kontraesan guztiak leherrarazi ditu, Euskal Herrian gertatutakoak itxitako hainbat ate hamaika zatitan txikitu baititu. Itxikeria nagusi frantziar estatuan, euskal herritarron eskaerari dagokionez. Bi kasuetan, hausnarketa bera: kasu Euskal Herriaz, badoaz eta!

Aldebakartasunak estatuen egonezina areagotu du. Aldebakarreko jarduera baten aitzin, berriz, iniziatiba galtzeko arriskua oso handia da, batez ere gauden egoeran, zeinean estatuek arazo larriak dituzten herritarron atxikimendua lortzeko.

Euskal Herria jada ez dago zain. Itxikeriak etsipena ekar zezakeen, baina bestelako konbentzimendua ekarri du: geure bidetik eta haiekiko akordioen zain gelditu gabe joateko beharrarena.

Errepresioak joera hau itzularazi nahi du. Estatuak eragile erabakigarri bilakatu nahi ditu. Aparatu errepresiboaren eta ezker abertzalearen arteko «gerla pribatua» berrirudikatu nahi du, Euskal Herriaren autoeraketa prozesua geldiaraziz.

Horregatik, errepresioa makila da, baita amua ere, goazen bidetik atera eta estatuen menpe jarri nahi gaituena. Geure agendaren gainetik estatuena gailentzeko saioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo