GARA > Idatzia > Kultura

Hardt-en alde... (II)

 

 

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Komuna den hori» zera litzateke Michael Hardten hitzetan, antolaketa eredu bat demokraziatik eta demokraziaren alde mintzo dena. Komuna den hori ez da publikoa ezta pribatua ere¯ez du estatuarekin inolako loturarik ezta merkatuarekin ere-. Jabetzak erabaki ahalmenaren monopolioa eta sarbide eta eskuragarritasun mugatua adierazten duen bitartean, komuna den horren sarbide eta eskuragarritasuna librea da. Horrek ez du esan nahi komuna den horrek antolaketa eta kudeaketarik ez duenik; aitzitik, biak ala biak beharrezkoak ditu pikutara joan ez dadin. Hala ere, komuna den horren kudeaketa eta antolaketa demokratikoki bideratu behar dira helburua baita herritarren sarbide-aukera berdintasuna bermatzea. Laburrean esanda, auto-antolaketa kolektibo demokratikoaren eredua litzateke komuna den hori. Bestetik, materiala (haren barruan mugatuak, ekoiztu ezin diren balioak sartuko lirateke, baliabide naturalak esaterako) zein ez-materiala den hori barneratzen du. Komuna den horren oinarri demokratikoa azaltzeko orduan, gaur egun «demokrazia», «eskubide» eta «konstituzioa» bezalako kontzeptuak jasaten ari diren manipulazioa alde batera utzi eta Thomas Jeffersonek haiei buruz esandakoa gogoan hartzea proposatzen du Hardtek. Zentzu honetan, eskubidearen kontzeptua ez da subiranotasunaren aldarri/sinonimo, zeinak (subiranoak, alegia) eskubideak onartu, eskaini eta indarrean jartzeko ahalmena duen. Eskubidea ez da eskari bat; aitzitik, Jeffersonen arabera, subiranoaren kontrako saioa da, desobedientziarako aukerarekin loturik dago, haren boteretik babesteko eta hari aurre egiteko tresna den aldetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo