GARA > Idatzia > Kultura

Arkaitz Estiballesek uko egin dio Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeari

Bizkaiko txapelduna, arrazoi pertsonalak argudiatuta, ez da Bertsolari Txapelketa Nagusian izango. Bere ordez, Eneko Abasolo «Abarkas» sartuko da txapelketan gaur Markina-Xemeinen jokatuko den kanporaketan.

p055_f02.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Pasa den igandean abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusian Arkaitz Estiballesek parte hartzeari uko egin diola adierazi zuen atzo arratsaldean Bertsozale Elkarteak, eta ez dela gaur Markina-Xemeinen jokatuko den bigarren kanporaketan izango. Antolatzaileek azaldu zutenez, arrazoi pertsonalak argudiatu ditu egungo Bizkaiko txapeldunak. GARA saiatu zen bertsolariarekin harremanetan jartzen, baina ez zen posible izan. Txapelketako araudiak agintzen duen moduan, parte-hartzaileetako batek txapelketa utzita, ordezkoen zerrendara jo du Bertsozale Elkarteak. Zerrenda horretako lehenengo hirurek ezetz esan dute, eta beraz, Eneko Abasolo Abarkas iurretarrak hartuko du Estiballesen tokia, «gainerako parte-hartzaile guztien eskubide berberekin».

Markinako udal pilotalekuan 17.30etik aurrera jokatuko den bigarren kanporaketa honetan, seikote hau arituko da kantuan honenbestez: Agin Laburu, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita. Lehen postua eskuratzen duena zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara eta gainerakoak puntuazioaren arabera.

Pasa den astean sarrera guztiak agortu ziren Villabona-Amasan izandako saioan, baina oraingo honetan gelditzen dira oraindik. Gaur eguerdira bitartean www.bertsosarrerak.eu atarian eskuratu daitezke, eta Markinan bertan 16.00etan irekiko dute txarteldegia. Gaurko saioa irabazten duenak Oiartzunen kantatuko du azaroaren 16an, txapelketara orduan batuko diren Aitor Sarriegi eta Jon Maiarekin batera.

Bertso Eskolen Eguna

Txapelketaz gain, bertsozaleak egun osoko egitarauaz gozatzeko parada izango du gaur Markina-Xemeinen, bertan ospatuko baita Euskal Herriko Bertso Eskolen Egunaren hirugarren edizioa. 128 herritan dauden bertso eskolatan 1.700 kide biltzen dira eta egun hau «harremanak egin eta festa ederra egiteko aitzakia da», azaldu zuten.

Eguerdian dute hitzordua Uhagonen eta 14.00etan bazkaria izango dute gaztetxean. Ondoren Mungiako bertso eskolak emanaldia eskainiko du. Bazkal ondoren, Txapelketa Nagusiko kanporaketa saioa ikusteko tartea egingo dute, eta saio ostean poteoa izango da, Andrabanda Feminista eta herriko bertso eskolakoen esketxekin. Jaiak gaztetxean jarraituko du gauez. 23.00etatik aurrera «Bi bala» ikuskizuna eskainiko dute Aitzol Barandiaranek eta Iñaki Gurrutxagak, bertsoa, musika eta umorea uztartuz. Jarraian, Fan & Go taldearekin, erromeria.

Elkartetik adierazi zutenez, lotarako aukera ere jarriko da, dohainik, erromesen aterpetxean. Horretarako leku eskaria aurrez egin behar da: bertsoeskolak@gmail.com.

2. KANPORAKETA

Arkaitz Estiballesek uko eginda, ordezkoen zerrendara jo du Bertsozale Elkarteak eta Eneko Abasolok hartu du bere lekua. Gaur Markina-Xemeingo saioan, honenbestez, Agin Laburu, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita izango dira kantuan.

BERTSO ESKOLAK

Bertso Eskolen eguna ospatuko da gaur Markina-Xemeinen. Bazkaria, emanaldiak, poteoa eta erromeria antolatu dituzte, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo