Merezitakoa izan ala ez, Bakearen Nobel sariak kasualitatea eman lezake, baina baita besterik ere
Bakearen Nobel saria OPCW Arma kimikoak Debekatzeko Erakundeari eman izana batzuentzat kasualitatea izan da, beharbada, eta beste askorentzat, gutxienik harrigarria. Ez erakunde horrek saria merezi ez duelako, baizik eta AEBen eta Errusiaren arteko akordioaren ondorioz, Sirian lanean diharduen momentuan nabarmendu eta saritu dutelako haren jarduera. Egia da arma kimikoen aurkako aldarri horretan, ohartarazi dietela AEBei eta Errusiari, hain zuzen, arma kimikoak desagerraraztea sustatzen ari diren arren, aldi berean bete gabe dutela beren arma kimikoak deuseztatzeko konpromisoa. Hala ere, Bakearen Nobel sari harrigarri gehiegi pilatu dira, kasualitate hutsean sinesteko. Harrigarria izan zen iaz Europar Batasunari «adiskidetzearen alde» egindako lanagatik eman izana, eta harrigarriagoa Obamari 2009an emandakoa «nazioarteko diplomazia eta herrien arteko lankidetza» bultzatzeagatik. Orduan AEBetako presidenteak ez zuen hartarako meriturik batere, eta dagoeneko, lau urteren buruan, ez zuela merezi erakutsi du. Baliteke aurtengoa kasualitatea izatea, baina ez da zaila oportunismo kutsu bat sumatzea, eta horrek ez du sari horren izen ona berreskuratzen laguntzen.