Mozorro desfilea eta plater osasuntsuen lehiaketa, sanfaustoetako nobedadeak
Orotara 150 ekitaldi antolatu dituzte Durangoko sanfaustoetarako. Tradizioari eutsi diote eta Zezenak Dira bost egunez ospatuko dira, baina era berean, berritasun ugarirekin datoz aurten atzo hasi ziren jaiak.
GARA | DURANGO
Durangoko Dendak Bai elkarteko kideek Udaletxeko balkoitik txupinazoa jaurtitzearekin batera ekin zieten atzo sanfaustoei, eta dagoeneko Pantxike eta Patxikotxu, jaietako ikurra diren pertsonaiak, kalean dira.
Datorren urriaren 20ra arte izango dute festa herrian eta 150 ekitaldiko egitarau oparoa prestatu dute. Edizio hau, gainera, berritasun ugarirekin dator. Durangon festetan mozorrotzeko ohitura dute, eta herritarrak horretara are gehiago animatzeko, mozorro desfilea antolatu dute aurten. Hilaren 19a izango da mozorroak janzteko eguna, 18.30ean, Madalenan.
Lehenengo aldiz egingo dira, bestalde, grafiti erakusketa, Atletismo Eguna eta barazkiz eginiko plater osasuntsuen lehiaketa.
Aldaketak ere badatoz txosnaguneari dagokionez; izan ere, eta besteak beste herritarrei ahalik eta enbarazu gutxien sortzeko, urtero ez daitezen bizilagun berberak izan bertatik sortzen den zarata jasaten dutenak, txosnak Pinondon jarriko dituzte aurten.
Berritasunak alde batera utzita, badira tradiziozko bilakatu diren ekimenak, Zezenak Dira kasu. Aurten berriro ere bost egunez askatuko dituzte zezenak Durangoko kaleetan. 7.30ean izango da hori, gaur bihar eta etzi, astean zehar atseden hartu, eta datorren larunbat eta igandean jarraitzeko.
Udalak gogorarazi du istripuak ekiditearren, hamasei urte baino gutxiago dituzten gazteek debekatuta dutela Zezenak Diran parte hartzea.
Gaur Txikiaren Eguna dute durangarrek eta badute zerekin gozatu: esku pilota txapelketa, puzgarriak, eskulanak egiteko tailerrak, buruhandi eta erraldoiak eta antzerkia.
Txiki nahiz helduentzat, nabarmentzekoa da, halaber, eguzkia ezkutatu eta gaua iristean, 21.00etan, Izarra elkarteak Zuhatzola parkean egingo duen behaketa astronomikoa.
Biharkoa izango da egun handia, San Fausto patroiarena. Udaletxean, ohi bezala, artopilak banatuko dituzte 12.30ean, eta horren ostean, dantzariek saioa egingo dute.
Musikak ere garrantzi berezia izango du, bereziki datorren larunbatean, hilaren 19an, Landako gunean eta Plateruenan kontzertu maratoia izango baita. 16.00etatik aurrera Moksha, Willis Drumond eta Berri Txarrak taldeak izango dira Landakon, eta 3.00etara arte festa luzea izango da bertan.
Aldi berean, 19.00etatik aurrera Plateruenan izango dira Herri Oihua, Kokein eta Glaukoma, besteak beste. Goizaldera arte izango da festa hor ere.
Ondo pasatzeko bakoitzak gustuko dituen ekitaldiak direnak direla, sanfaustoak euskaraz bizitzera dei egin dute. Mezu hori ere zabalduko dute bigarren urtez txosnagunearen ondoan jarriko den Guka gunean.