Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
... Eta kontra (eta III)
Bestetik, deklarazioak (eskubideak hitzetan jartzeko lehen saioa) konstituzioaren oinarria dira. Hau da, konstituzio bera dokumentu bat besterik ez da. Hardten aburuz, benetan axola duena deklarazioak dira, hau da, eskubidearen aitortza. Deklarazioak, baina, ez dira behin betirako, edo, hobeto esanda, behin eta berriz adierazi egin behar dira garai eta egoera berriek deklarazio berriak eskatzen dituztelako. Hardten hitzetan, deklarazioen alde etengabe borrokatu behar da. Alegia, deklarazioak probokatu egin behar dira, eskubideen aitortzarako lehen urratsa, are gehiago, eskubideen aitortza bera diren aldetik. Honek guztiak zera adierazten du, konstituzioa ez dela aldatu ezin den dokumentua. Deklarazioak konstituzioaren oinarri diren aldetik, eta garai berriek deklarazio berriak eragiten dituzten aldetik, konstituzioak toki egin behar die azken horiei. Hots, konstituzioak aldaketak eta moldaketak onartu behar ditu ez duelako berezkoa den ezer.
Hardten planteamenduak erakargarriak badira ere statu quo-ari oldartzen zaizkion aldetik, haren kontra esan beharra dago Mendebaldeko pentsamenduaren biktima dela. «Komuna den hori» teorizatzeko orduan Mendebaldeko pentsalariengana jotzen du kontuan hartu gabe Mendebaldeko pentsamenduak berak suntsitu edo suntsitzeko bidean den zenbait komunitateren bizi esperientziaren parte izan dela eta eremu batzuetan oraindik ere badela «komuna den hori». Benetako aldaketa, beraz, ez da «komuna den hori» praktikan jartzetik etorriko, baizik eta Jefferson eta enparauen deklarazio eta konstituzioek ezabatu zuten hori integratzearen bidez.