GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Laboa gogoan, jardunaldi sorta eta instalazioa Donostian

EHUko Mikel Laboa Katedrak abeslariaren ahotsaren gainean gogoeta egitea ahalbidetuko duen jardunaldi sorta antolatu du. Horien baitan, erakusketa bat prestatuko dute eta gertutik ezagutu izan zuten zenbait pertsonak artista oroitzeko hitzaldiak eskainiko dituzte.

p053_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Mikel Laboaren ahotsa, taula gaineko artista eta bere kantak gogora ekartzeko xedearekin sortu dituzten jardunaldiak aurkeztu zituzten atzo. «Laboa gertutik» izenburupean, Koldo Mitxelenako areto nagusian izango diren hitzaldiez osatutako oroitza ekitaldi xumea da. Jardunaldiok osatzeko kulturguneko ganbaran erakusketa ere jarriko dute, instalazio musikal eta guzti.

Urriaren 15etik 17ra arteko ekitaldi hau Itziar Zubizarretak antolatu du, Mikel Laboa Katedraren laguntzarekin. Katedraren zuzendari Juan Kruz Igerabidek jardunaldien xede nagusia azaldu zuen: «Bere garaia aztertu nahi dugu, Ez Dok Amairuko edo Oteiza bezalako artistekin hasi zelako Euskal Herrian azken urteetan izan zen kulturaren pizkundea. Lekukoen hitzak entzutea garrantzitsua da horretarako, eta horregatik Laboaren eragin zuzena jaso zutenak gonbidatu ditugu. Horien artean, Marisol Bastida alarguna kokatuko dugu erdigunean, konplize izan zuelako bere ibilbide osoan».

Zubizarretari dagokionez, bere esku dagoen ekitaldiaren xehetasunen berri eman zuen. Honen esanetan, jardunaldiak sortzerakoan Xabier Letek idatzi baina Laboak gure egin zituen hitz ospetsuak hartu zituzten oinarrian: «Gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak». Esaldi horri helduz, Zubizarretak esan zuen jardunaldiek atzera begiratzeko aukera emango digutela, baina baita etorkizunera begiratzeko ere.

Jardunaldietan batez ere hiru alor aztertu nahi dituzte. Lehenik, agertoki gaineko Laboa. Musika esperimentala egitearekin batera, hitzik gabeko dramaturgia garatu zuen. «Esan ezin daitezkeen sentimendu eta emozioak helarazten zizkigun». Bigarrenik, Laboa poeta ez bazen ere, poesia aukeraketa oso zaindua egin zuen; hau da, garaiko poeta askok eta askok sortutako olerkiak hartu eta horiekin guztion oroimenean gordetzen diren kantak sortu zituen. Azkenik, musikagile herrikoia izanik, klasiko bilakatu zen. Horregatik, badu interes antropologikoa ere.

Laboaren lagunak

Hiru gai horiei helduta, 16.00etatik aurrera eskainiko dituzten hitzaldi sorta prestatu dute datorren asterako. Asteazkenean, Bernardo Atxaga mintzatuko da lehenik, eta gero Anari eta Ruper Ordorika arituko dira. Ostegunean, Lourdes Otegi Imaz eta Juan Gorostidiren txanda izango da. Horien saioaren ondoren, Arantxa Iturbe kazetariak Marisol Bastidarekin egindako bakarrizketa aurkeztuko du. Eguna amaitzeko, Xabier Montoiak lagun batzuk gonbidatu eta Laboaren inguruan hitz egin eta kantatuko dute. Azken egunean, Denis Labordek analisi antropologikoa egingo du, eta, atsedenaren ostean, Koldobika Jauregi artista eta Josetxo Silguero eta Iñaki Salvador musikariek solasaldia egingo dute. Amaierako ekitaldirako Beñat Axiari kantariak sorpresa bat prestatua du.

Koldo Mitxelenara gerturatzen direnek ganbaran kokatuko duten erakusketaz ere gozatu ahal izango dute -azaroaren 23ra arte-. Bertan, Jose Luis Zumetak eginiko disko-azalak jarriko dituzte ikusgai eta erdian agertoki txiki baten tankerako instalazio bat jarriko dute. Laboari ahotsarekin esperimentatzea gustatzen zitzaiola-eta, «ahotsaren laborategia» prestatu dute; bisitariak teklatu bat jotzeko aukera izango du eta horren bidez Laboaren ahotsa entzun eta eta irudi batzuk proiektatuko dira.

Honekin batera, Artelekuko ikasleek ere beren proposamena eramango dute bertara; teknologia berriak erabiliz «xilorobotika» erakustaldia egingo dute. Honi esker Laboaren ahotsa uhin bihurtuko dute, eta uhinek sortutako irudiak hiru dimentsiotan inprimatuko dituzte. Irudi horietan marka bereizgarriak sortzen dira eta horiek estanpaziorako erabili dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo