GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Euskal Herriko Harri Txikien finala

Aimar Irigoienek txapelak pilatzen jarraitzeko aukera ederra izango du

p048_f02_97x96.jpg

J.L.

Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketako finala jokatuko da bihar Martuteneko ikastolako jolas eremuan, eta Aimar Irigoienek txapelak batzen segitzeko aukera ederra izango du.

Errezildarra da egungo txapelduna, eta ezeren okerrik ez duela, bihar 11.00etatik aurrera jokatuko den txapelketa ere berak irabazi beharko luke. Berarekin batera, Izeta IV.a eta Urrutia arituko dira. Harri-jasotzaile bakoitzak 125 kiloko harri koadroa, 125eko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu. Lanerako, berriz, bakoitzak hiru minutuko txanda izango du.

Harri txikiekin dabiltzan harri jasotzaileak ugari dira, baina zoritxarrez hiruk bakarrik eman dute izena bihar eguerdian lanean aritzeko. Tartean, handietako bat; garbi dago Aimar Irigoieni zerbait gertatu ezean, txapela beretzat izango dela, eta hori beste biek ere badakite.

Beraz, ziur asko, lehia bigarren posturako izango da, eta Irigoienek, azkenaldian gertatzen ari zaion bezalaxe, bere buruaren aurka neurtu beharko du. Bigarren posturako, berriz, lehia ederra izango dute Izeta IV.ak eta Urrutiak eta ikuskizun horrek ere mereziko du.

Lau harri ezberdin izango dituzte lanerako, eta iraupena ere beharko da. Normalean atzetik ateratzen denak abantaila izaten du, badakielako zer egin behar duen aurrekoa gainditzeko, baina kalterako ere izan daiteke, presio horrek berak galarazten baitie batzuei beren lana egiten. Ikuskizuna ziurtatuta egongo da bihar eguerdian Donostiako Martutene auzoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo