GARA > Idatzia > Euskal Herria

Amnistia eta autonomia aldarrikatuko dituzte Makean

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Urtero legez, Errepresioaren Aurkako Batzordeak (EPK) hitzordua finkatu du datorren igandean, Makean, amnistia aldarrikatzeko. Aurtengo deialdiak badu berezitasunik; izan ere, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberorako instituzioaren eskakizunaren aitzinean Parisek duen «jarrera itsu eta tematiaren parean, Euskal Herriaren askatasunaren bidean, autonomiaren eskabidea plazaratzea sekula baino beharrezkoago» ikusten baitute.

Hala, bi aldarrikapenak batuko dituzte, betiere amnistiaren eskaerari lehentasuna emanez. «Bake bidean aitzina egiterik eta gatazka politikoaren konponbiderik ezin da inondik inora pentsatu, preso politikoen askatzerik, erbesteratuen etxeratzerik eta amnistia oso eta baldintza gabekorik gabe», diote EPK-k eta Autonomia Eraiki taldeak.

Hildakoak eta desagertuak

«Euskal Herriaren askatasunaren alde bizia eman dutenak» gogoan izango dituztela iragarri dute, baita Naparra eta Pertur desagertuak ere eta, bereziki, duela 30 urte, «desagerrarazi zuten Popo gure borroka lagun maitagarria». Halaber, Estatu frantsesak eta espainolak gatazkaren konponbidearekiko duten «jarrera itsu eta jazarlea» ere salatuko dute. 

Ekitaldi politikoa bazkalostean, 17.00etan, hasiko da eta bertan, «Non da Popo» dokumentala ikusgai izanen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo