GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA | Eguraldian aditua

Euri boladak

San Simon eta San Juda pasa berritan, aurtengo eurien martxari errepaso bat noiz egin behar diodan?... Halaxe ditut lagun (latosoak ez esateagatik) natur-erreparale fin batzuk, urtea oso aurrera doala gaurko Santu Guztien edo Domusantu honekin eta...

Bueno, ia 60 egun falta zaizkigunean urte amaierarako, natorren punttu pare bat paper tartetik atera eta destakatzera. Lehenengo kontua, nik nahiago izan ohi dudala, eta hartantxe saiatzen naizela, alegia: egutegiak denontzat argi dakarzkigun hilabete izendatu horiek ez baino, ilberri ttiki batetik hurrengo ilberrittora zaintzen dudala 29 egun pasatxoren tartea. Eta horrela, iaz neguan sartzean gertuen genuen ilberria hartu eta haren segidako neguko egunei erreparatu nien ilbeltzean Erregena pasa orduko etorri zen hurrengo ilberriari lotzeko.

Horrela, neguko lehen ilberria, 55 litrotan errenditu zitzaigun, 8 egunetan ixuri zuelarik.

Bigarrenak, otsaileko 10a arte: 25 egunetako ixuritan: 578 litro.

Hirugarrenak, martxoko 11 arte: 13 eguneko ixuritan, 168 litro.

Beraz, neguak: 801 litro.

Laugarren ilargiak, apirileko 10a arte: 27 egunetako ixuritan, 274 litro.

Bosgarrenak, maiatzeko 10a arte: 17 egunetako ixuritan, 207 litro.

Seigarrenak, ekaineko 8 arte: 26 egunetako ixuritan, 287 litro.

Udaberriak: 768 litro.

Zazpigarrenak, uztaileko 7a arte: 11 egunetako ixuritan, 79 litro.

Zortzigarrenak, abuztuko 6a arte: 13 egunetako ixuritan, 44 litro.

Bederatzigarrenak, iraileko 5a arte: 12 egunetako ixuritan, 35 litro.

Udak: 158 litro.

Hamargarrenak, urriko 5a arte: 18 egunetako ixuritan, 62 litro.

Hamaikagarrenak, etzira arte (ilberrirako bi egunen faltan), 14 egunetako ixuritan, 52 litro.

Neguko lehen ilberriarenak kenduta, hurrengo bosten artean, uda hasi arte, 1.514 litro 5 ilargitan. Beste 5 ilargiotan, aldiz, 272. Denera, beraz, San Simon eta San Juda artekoa, dagoeneko (1.514 + 272), 1.786 litrotan daukagu. Negurako ia 2 hilabete falta zaizkigunean, ez dago gaizki gogoratzea, urteko batez besteko 1.745ekoa, gainditurik dugula dagoeneko. Azken urteotako marka, 2008koa, 2.205 litrotakoa, gaindituko ote dugu...?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo