Aurrekontuen ia erdia gizarte politiketan inbertitu nahi du Gipuzkoako Aldundiak
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Gipuzkoako Aldundiak datorren urterako aurrekontuen proposamena aurkeztu zuen atzo. Orotara, 758 milioi eurokoak dira, iaz baino %3 gehiago. Datu aipagarri gisa, gizarte politiketara bideratu nahi duena, aurrekontuen %48a. Helena Franco Ogasun diputatuak aurreratu zuenez, arreta berezia eskainiko zaie adindun pertsonei.
Gizarte politiketara zuzendutako aurrekontua mendekotasuna, txirotasuna eta minusbaliotasunarekin lotura duten diru laguntzak bermatzeko izango da, batez ere. «Gipuzkoako gizartearen beharrak handitzen diren neurrian, sendoagoa izango da eskainiko dugun babesa», aurreratu zuen Martin Garitano ahaldun nagusiak.
Gainontzeko departamentuei dagokienez, %16 mugikortasuna eta azpiegiturak garatzeko izango da, %7 berrikuntza eta lurralde kohesiorako, %6 kultura eta kirolerako eta %5 ingurumen eta lurralde antolaketarako. Datozen asteetan departamentu bakoitzeko ordezkariek xehetasunak azalduko dituzte.
Ez dagoen dirua ez gastatzeko filosofiari jarraituz, zorpetze berria amortizazioaren parekoa izango dela adierazi zuen Francok, alegia, 74,76 milioi euro.