GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Xabier mendiguren | Idazlea, Hamlet obraren egokitzailea

«Gaur eta hemen jarri dugu Hamlet, XXI. mendeko Euskal Herrian»

Liburu anitz idatzi ditu Xabier Mendigurenen lumak, testu luze eta laburrak, haur, gazte, zein helduentzako ipuinak, eta baita antzerkirako egokitutako testuak ere. Ausardia faltarik ez du halako langintzan, talentua ere ez, eta maite du abentura berrietara murgiltzea. Antzerkia idazteari denbora batez utzia egon bazen ere, azken garaietan berriro dabil ur horietan, honela, bera izan da euskarazko «Hamlet» obraren egokitzaile.

Zergatik «Hamlet»?

Eta zergatik ez? «Hamlet» erronka bat zen hiru taldeentzat, «Errautsak» egin ondotik, eta ni aukeratu ninduten bidelagun, gure bertsioa gauzatzeko.

Zein izan da zure zeregina?

Ez da etxeko bakarlana izan, edo itzulpen hutsa. Antzerkilariekin harreman estuan izan naiz, aktoreekin proba saioetan eta zuzendariarekin etengabe hitz eginez: zer sartu, zer kendu, zer aldatu, nola eman...

Anitz ageri zara antzerkiari lotua...

Azkenaldian zorte hori izan dut; narrazio idazlea izan naiz batez ere, baina beti maite izan dut antzerkia eta aspaldi idatzi nituen hainbat lan; orain, berriz, talde lanean aritzeko aukera izan dut: konplikatuagoa da jarduera, baina askoz aberasgarriagoa.

Klasiko baten gaurkotzeak zer du erran nahi?

Esan ohi da klasiko baten bertute nagusia dela, aldiak aldi eta aldeak alde, beti duela zeresana, zeresan hori aldatuz doan arren. Guk sinesten dugu horretan; Shakespeare-ren lana inspirazio iturri atergabea da, eta iturri horretatik edan dugu, modu librean.

Zein da antzezlan honek bete nahi lukeen helbururik behinena?

«Hamlet» gaur eta hemen jartzea, XXI. mendeko Euskal Herrian, gaurko Hamlet gazte batek izango lituzkeen arazo, kezka eta buruhausteekin, horiei aurre eginez, Hamletek bizi dituen nora ez, zalantza eta beldurrekin.

J.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo