GARA > Idatzia > Kultura

Analogikoan eta zintzo, Gari Elkar estudioetako magnetofoian

Zuzenean eta laukotean, Garik aspaldiko moduak berreskuratu, egun bakarreko estudioko jarduna Studer magnetofoian bi hazbeteko bandetan gorde eta analogikoan eman du, Elkar etxeak ukitu erromantikoarekin argitara eman duen biniloan.

p045_f02.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Azkenaldian, aro digitalean bizi garela-eta, estudioan zokoratuta izan duten Studer magnetofoia zaharberritzea otu zitzaion Elkar etxeari orain urte eta erdi inguru, «eta probak egin eta egin, konturatu gara, sonoritate aldetik, distira mantentzen duela», dio Angel Valdesek.

Metafora legez mendi txangoak hartuta, egungo musikagintza bidegurutzeetan batera eta bestera dabilela onartzen du Elkar diskoetxeko arduradunak, bidean aurrera eta atzera eginez, norabide zuzena aurkitu asmoz. Ibili horretan, «artisautza lan bat eginez ofizioa omendu nahi izan dugu egun bakarreko sesioa zuzenean eta analogikoan jasota -jarraitzen du Valdesek-, eta horretarako musikari on bat behar genuen; erronka bota eta ea nola ateratzen zen».

Egitasmoa aurrera ateratzeko, Elkar etxeak Gariri bota zion erronka. Agudo jaso zuten baiezko erantzuna; musikariak buruan dituen ideiak bideratu edo gauzatzeko ahaleginean pauso bat aurrera emateko aukera ikusi zuelako proposamenean.

Grabaketak modu analogikoan egiteko, magnetofoia zaharberritzeaz gain, estudioa ere egokitu behar izan du Elkar etxeak. Gariren jarduna, esaterako, egun bakar batean burutu bazen ere aretoa atondu eta mikrofonizatu behar izan zuten; lan handia, Valdesek aitortzen duenez.

Gariren kasuan, uztailaren 4 eta 5 artean burutu zen lana -grabaketak lehen egunean eta nahasketak biharamunean-. Legazpiarraz gain, Miguel Moyano (gitarrak), Charli Solano (bateria) eta Karlos Aranzegi (bateria) musikariek osatu zuten taldea; laukoteak bi aste eman zituen lana atontzen estudiora jo baino lehen.

«Horrela grabatzeak, 50 eta 60ko hamarkadetan egiten zen antzera makina analogikoekin, lehenengo eta behin zintzotasuna eskatzen du», Gariren aburuz. «Zintzotasuna, ez baita tranparik hemen. Taldearekin estudioan sartu, mikrofonoak jarri eta jo». Eta bestetik, «saio hauetan konpromiso estua, librea eta irekia lortzen da kantarekiko». Azken batean, 80ko hamarkadatik hona makina bat lan argitaratu eta analogikoan ere lan egindakoa den arren, «sekula ez dut horrela grabatu», aitortu digu egun Bilbon bizi den artistak.

Ondoan izan dituen musikariak ere makina bat grabaketetan parte hartutakoak diren arren, «esperientzia izugarria izan da guztiontzat», aitortu digu azken lau urteetan ohiko bidaide duen Moyanorekin egin duen antzera, lan honetan ere, rock doinuei pultsio berezia eman eta lasaitasunez joz, sonoritate berri eta propio bat lantzen saiatu den Garik.

«Elkar studio sessions. Live analogic recording» deiturikoaren lehen laginak -ez dago argi gehiago izango diren-, aspaldiko euskarri klasikoan eman du emaitza, 180 gramoko biniloan eta edizio mugatuan. Eta gutizia ez da beste ezein euskarritan emango.

Musikaz gaindi, egitasmoa egun bizi dugun garaiarekin lotzen du kantariak. «Azken bi hamarkadetan-edo bizi izan gara oparotasunean, errealitatetik kanpo eta ke asko salduz. Mundu zoragarri batean bizi izan gara; eta gaur errealitatea beste bat da. Balioan jarri behar ditugu zintzotasuna eta gure kultura, eta dena lotuta dago, batak beste behar du». Gitarra eta perkusioa lagun, hirukotean aurkeztuko du Garik lan berria zuzenean, azaroaren 9an eta BBK aretoan. Egun berean, eguerdiz, haurrentzat joko dute; «oso saio irekia eta malgua izango da», azaldu digu aurtengo Getxo Folk jaialdian ere antzeko ekimen bat izan zuen musikariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo