GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

ZURI-GORRIEN ORROAK

Teodoto eta Rufinaren semea

p036_f02_654x456.jpg

 

Aiert GOENAGA

Garai berriotan futbolak ere badakarzkigu berrikuntzak. Baloiak arinago eta txikiago dira. Forma arrarodun txatalak dituzte eta airean egiten dituzten dantzek ez daukate zerikusirik duela hogei urte egiten zituztenekin. Futbolarien botetan forma anitzetako plastikozko takoek lekua hartu diete garai bateko aluminiozko takoei. Multinazional handiak dira gure taldeen kamiseta hiper-transpirableak egitearen arduradunak, 75 euroko prezio «xumean» edonoren eskura ipiniz. Eta futbol estadioei buruz zer esan? Milaka lagun batzeko funtzioa betetzeaz gain arkitektura modernoaren ikur ere badira. Eta noski, kasu guzti hauetan Athletic ez da atzean geratzen.

Muniainen orrazkera eta botek, esaterako, ez diete Madril aldeko futbolari mediatikoenei inbidiarik (hau onerako edo txarrerako den bakoitzak azter dezala). Lezama ere eraberritzen dabiltza Javi Martinezek utzitako diruari esker. San Mames berria ere itzela da. Kanpotik ederra ikusten da (barrutik egon den batek kontatuko dizue), modernitatearen ikur bikaina. Baina bada zerbait mende berri honetara egokitzen ez dena; zelai berriaren izena. Zergatik hau ere San Mames?

Mames ustez Kapadoziako Zesarean 259. urtean jaio eta 16 urte beranduago leku berean hildako martiria zen. Kartzelan jaio omen zen bere guraso Teodoto eta Rufina kristau fededun izateagatik preso zeudelako. Handik gutxira hil ziren gurasoak eta Ammia izeneko alargun aberats batek hazi omen zuen. Hau ere laster hil omen zen eta gure Mames txikia hazienda osoaren oinordeko bihurtu. Baina antza denez, gurasoei pasatakotik ikasi ez eta gure mutikoak oso kristau izaten jarraitzen zuenez Aureliano enperadoreak torturatzea erabaki zuen. Diruak baina mirakuluak egiten dituenez, Mames txikia aingeru batek salbatu omen zuen Zesarea inguruko mendi baten gordetzeko esanaz. Baina bere zoritxarrerako lehen mendeko zirkuan bukatu zuen Mamesek. Azken mirakulu gisa zirkuko lehoiak mantsotzea lortu ei zuen baina hala ere ez zioten bizia barkatu eta hiruhortz bat sabelean sartuta hil zuten. Egun, hezur hautsiak dituztenen eta bularra ematen ari diren emakumeen zaintzaile bezala dago ezagutua.

Ze zerikusi dauka duela 1.750 urte Zesarean bizi zen tipo honek Athletic-ekin? Ezer ez! Azter dezagun puntuka. Ia bi mila urte eta milaka kilometrok banatuta daude San Mames eta San Mames. Teodoto eta Rufina ez ziren Bilbokoak ezta ingurukoak, beraz; ezin filosofia kontuak izan ez baita euskaldunen ondorengoa. Lehoiak mantsotzearen kontua sekulako tontokeria da eta egia izanik ere, hobe entrenatzaile gisa ipini Ander Herrerak zelaian egiten dituen txotxolokeriak mozteko. Hezur hautsien zaintzailea ere ez da. Iñigo Diaz de Cerio tibia eta peronea hautsita Iñigol gisa etorri zen Donostia aldetik eta Iñigo Diaz de Cedido izaten bukatu zuen. Gurpegiri ere ez zaizkio gauzak askoz hobeto joan, Athletic-engatik aurpegia literalki makina bat aldiz apurtu baitu.

Futbol munduko elite intelektualak edoskitzearen eta futbolaren arteko lotura filosofikoa egin duela sinestea ere zail egiten zait. Eta garrantzitsuena, Athletic-eko jarraitzaile askok ez dugu santuetan sinesten eta egungo gizartearen zati handi batek bezala paso egiten dugu beraien inguruko erretolika antzuez. Beraz, zelaiari izen berria ipintzea ondo legoke garai berrietara moldatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo