GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-04
Royal de Luxe Euskal Herrian, ametsa errealitate egina
Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak eduki berritzailez jantzitako kartela aurkeztu du hamazazpigarren ekitaldirako. Royal de Luxe, Deambulants eta Ball de Diables de la Llacuna konpainien proposamen ausartak izango dira, besteak beste, kostaldeko herrian uztailaren 7tik 9ra. Hori gutxi balitz, Jaialdiak Edorta Jimenez eta Hortzmuga taldearekin batera ekoitzitako «Antzar Jokua» estreinatuko du.

BILBO

«Royal de Luxe konpainia handia Lekeitiora ekartzea utopiatzat genuen», aitortu zuen atzo Imanol Agirre jaialdiaren zuzendari artistikoak egitarauaren aurkezpen ekitaldian. Ametsak batzuetan gauzatu egiten dira, eta, hala, ‘‘Roman Photo’’ lana ikusteko aukera izango da larunbatean eta igandean, berriz ere, herriko plazan.

«Izenburu hau duela hogei urte ikusi genuen lehenengoz Burdeosen», aipatu zuen Imanol Agirrek. Bi hamarkada geroago, oraindik orain, abangoardiako planteamendua da, «antzerki apurtzailea» frantses Estatuan den talde garrantzitsuenetako baten eskutik.

Fotonobela baten grabazioa aitzakiatzat hartuta, ekintza eta irudimen handiko muntaia aurkezten dute, elementu handiko ikuskizuna. Efektuz eta ezustekoz beteriko komedia da berreskuratu duten lan hau. Estreinatu zenetik, Europa, Amerika, Afrika,Asia eta Ozeaniako geografiatik barna eraman du Royal de Luxek.

Euskal Herrian bira txiki bat

Lekeition ikusiko dena Royal de Luxek La Gran Reyneta talde txiletarrarekin batera egindako ekoizpena da, formatu ertaineko ikuskizuna.

Lehenengoz daude Euskal Herrian. Hala, bisitaldia aprobetxatuz, Bilbon eta Donostian izango dituzte emankizun bana gure artetik aldegin aurretik.

Aurrekoa bezain interesgarria izan daiteke Deambulantsen dantza bertikala ikustea. Talde honen bi emanaldi iragarri dituzte, biak ere gauez. Ahalegin handia egin du Lekeitioko Jaialdiak ‘‘Alt’’ ikuskizuna ekartzeko. Hamabi metroko horma eraikitzen ari dira herriko plazan itsasontzietan erabiltzen diren edukiontziez baliatuz. Horma horren gainean dantza garaikidea agertuko dute Deambulantseko artistek.

Zaila izaten da correfoc edo «deabruen dantza» Kataluniatik kanpo ikustea. Ball de Diables de la Llacuna y Drac ‘‘Capallà’’ d’Horta-El Carmelen eskutik Lekeitioko kaleetan ikusiko dugu herri tradizioan oinarritutako suzko kalejira hori. Deabruek sortzen duten infernuan dragoiak du protagonismoa.

Correfoca parte hartzailea da. Hori bai, kontuz ibili behar da txinpartekin. Horregatik, antolatzaileen aholkua da bakero arropa eramatea soinean eta kapela buruan. Era berean, plaza, Arranegi eta Ezpeletatik porturako bidean egingo duten ibilbidean zehar dauden etxeetan kanpoan arroparik ez eskegitzeko eskatu dute. Kataluniatik datorren festak igande gauean egingo du eztanda, gauerdiarekin batera. Beste aholku bat: «Su azpian dantza egin behar da, eta ez korrika».

Kataluniatik baita, berriro datoz bisitan La Industrial Teatrerakoak. Aurrekoan ‘‘Ole’’ lanarekin bertaratu ziren, andaluziarren estetikari jarraituta. Oraingoan, motorren eremuan sartuta, kalejira umoretsua dakarte Lekeitiora.

Cal yCanto Burgostik datoz ‘‘A-ta-ka’’rekin. Haizeak mugitzen dituen kometak dira, dudarik gabe, guztien begirada bereganatuko duten elementuak.

Umeek ere izango dute zer ikusi asteburuan Lekeition. Gainera, familiarekin joan daitezke, nagusiek ere gozatzeko modukoa baita prestatu duten eskaintza.

Eidaberen ‘‘Kanpanolue’’ izenburuko lan berriaren aurkezpen ekitaldia izango da ostiralekoa. Gainera, dantzaldi horrekin irekiko da aurtengo jaialdia, ostiralean 19.30ean.

Lekeitiotik hainbatetan igaro diren Teatro Trapero del Rio bizkaitarrek ere lan berria eskainiko dute. Bigarren horiek larunbatean egingo dute. ‘‘ErdiAroko kondaira’’ da haien proposamena.

Bai bata bai bestea haurrei zuzenduak dira, eta musika dute osagai nagusi.

Igandean ere aurkituko dute zer ikusi etxeko txikiek. Bego Klownek ‘‘La Meva Mare’’ lana antzeztuko du.

Antzarrak uztailean

Hegaztien gaitza dela edo ez dela, gauza da uztailean antzarrak izango dituztela Lekeition. Jaialdiaren itxierarako utzi dute ‘‘Antzar jokua’’ren estreinaldia. Edorta Jimenezen ideiatik abiatuta, Hortzmugak antzeztuko du Jaialdiaren ekoizpen propio berri hori. Joko ezagunaren taularen itxura hartuko du Lekeitiok, eta kalejira batean ezkutaturik egongo da kontatuko duten istorioa. 18.30ean abiatuko da muntaia, eta hori izango da berau ikusteko egongo den aukera bakarra.

Ia bi hamarkadaren ondoren, Lekeitioko jaialdia «talaia» baten modukoa dela dio arduradun artistikoak. «Aurtengo jaialdia kaleko antzerkiaren etorkizunaren adierazgarri da», aipatu zuen atzo ImanolAgirrek, egitarauari begiratua eman ondoren. «Duela hogei urte ez genuen espero antzerkia zeruan ikusiko genuela, eta hona hemen Deambulats eta Caly Cantoren eskutik. Beste espresiobide batzuk bilatzen ditugu, eta bide berriak jorratu nahi ditugu», esanez laburbildu zuen jaialdiaren asmo nagusia zein den.

Bestetik, Jaione Murelaga urteetan Kale AntzerkiJaialdiaren bultzatzaile izandakoa gogoan izango du aurtengo jaialdiak. Lekeitioko alkate ohia iragan ekainean hil zen.



Bederatzi ikuskizun Kalerki jaialdian ostegunetik larunbatera
Xole ARAMENDI
ZARAUTZ

Zarauzko kaleak aurten ere antzerki-agertoki bihurtuko dira. Datorren ostegunean hasiko da Kalerki jaialdia eta hiru egunez bederatzi ikuskizun eskainiko dira.

Alproja kultur taldeak antolatu du jaialdia hamahirugarren urtez eta ohikoa duenez antzezlanei dagokienez desberdinak eta anitzak izan daitezen saiatu da, era guztietako ikusleen gustagarri izan nahian. «Denen gustuko taldeak ekartzen saiatu gara aurten ere eta uste dugu lortu dugula», adierazi zuen atzoko aurkezpenean Ainhoa Alberdik. Euskal Herriko taldeez gain espainiar Estatua, Italia eta Danimarkatik etorritakoak ikus ahal izango dira.

Alproja berak emango dio hasiera Kalerkiri, ostegunean 19.00etan. Kale Nagusian hasi eta Musika Plazarainoko bidea egingo dute “Txi-Kago Kluba” lanarekin jaialdiari ongietorria eginez. «Lehenengo aldia da era honetako zerbait egin duguna eta neurri batean esperimentu antzekoa izango da ­gaineratu zuen Alberdik­. Iaz arte pregoia egiten genuen, lehengo urtean lan landuagoa prestatu genuen bost aktorek eta aurten ia hogei arituko gara musikaz lagunduta».

Atzetik Superbuffo italiarraren saioa iragartzen da. “Turboshow” obran Superbuffok belarra mozteko makina eta zulagailua erabiltzen ditu eta etxeetako ormetan gora egiten du, balkoi batetik bestera ibiliz.

23.00etan gaztelekuan Fanfarlo konpainia arituko da. Dantza, sua eta teknologia berriak uztartuko dituzte “Vertigo” lanean.

Hurrengo eguneko egitaraua Danimarkatik datorren Marta Carballo klownak irekiko du “Cantaclown” lanarekin, 19.00etan Frontoi Txikian. Segidan Trapu Zaharrak “Tetrarip, azken ontzia” ikuskizuna antzeztuko du, Foruen Plazan 20.30etan. Gauerdian, Munoan, Circo Efímeroren txanda izango da “H-17” lanarekin. Zirkoko teknikak erakutsiko dituzte, akrobazia, kontortsionismoa, eta trapezioa, dena umore handiz zipriztinduta.

Solomanoloren “Locomotivo” ikus ahal izango da larunbatean 19.00etan Foruen Plazan, zirkoa eta umorea uztartuz.

Kale Nagusian barrena, berriz, Castellotik hurbilduko den Visitants konpainia ibiliko da joan-etorrian dabiltzan bidaiarien kontuekin.

Kalerkiri amaiera emanez, Ale-Hop taldeak “Les voluminaires: futuristik freaks” eskainiko du gauerdian Munoan. Argia, piroteknia eta zuzeneko musika ditu osagarri ikuskizunak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Casi 40 muertos al descarrilar dos vagones del metro
Jendartea
Muere una mujer en Basauri acuchillada presuntamente por su compañero
Mundua
Bi etorkin hil dira Melillako hesia igarotzeko ahaleginean
Kirolak
A primera hora se despidió de Osasuna...
Ekonomia
Langile bat hil da elektrokutatuta Trapagaranen
Euskal Herria
La primera reunión pública entre Batasuna y el PSE será el jueves
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss