GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-04
Euskarazko Tokiko Telebistak aztergai UEU-n
Tokiko telebisten emisioak jarrai dezan elkarlana eta trukea sendotu behar dela ondorioztatu dute
·Programak ekoizteko eta euskarazko produktuak lortzeko izan ohi dituzten zailtasunak nabarmendu dituzte

UEUren Udako Ikastaroei "Tokiko telebistagintzaren ereduak eta programak" ikastaroekin eman diete hasiera. Hedabide horien funtzionamendua aztertu, eta aurrera egiteko izan ohi dituzten arazoak jarri dituzte mahai gainean. Digitalizazioa eta arautze berria zein diru iturrien urritasunak ezartzen dizkien mugak aztertu dituzte. Halaber, euren saioak ekoizteko zein euskarazko produktuak eskuratzeko zailtasunak izan dituzte hizpide. Azken horri aurre egiteko, Tokiko programen trukerako erakundea indartzea hobetsi dute.

EIBAR

Tokian tokiko telebistagintzaren ereduak eta programak aztertuz eman zieten atzo hasiera UEUren Udako Ikastaroei. Kurtsoaren aurkezpenean aipatu zuten bezala, azken hamabost urteetan biderkatu egin dira hedapen eremua herri edo eskualde jakin batean oinarritu duten komunikabideak, eta egun arte arautu gabeko alorrean aritu badira ere, telebistaren digitalizazio prozesuak eta arauketa berriak zuzen-zuzenean eragiten diete. Izan ere, ikus-entzunezko komunikabideak 2010-2012 urteen artean hasiko dira digitalean emititzen, eta, beraz, horrek sistema analogikotik digitalerako pausoak ematera derrigortuko ditu telebista kateak.

Ikastaroko arduradun eta EHUko irakasle Edorta Aranak azaldu zuenaren arabera, zailtasun nagusiak teknologikoak izango dira: «Ekipamenduak digitalizatu beharko dira, poliki-poliki baina epe batzuen barruan. Kontsumoari lotutako zailtasun soziologikoak ere ezin dira ahaztu, gaur egun tresna gehienak oraindik ere analogikoak direlako. Digitalera egokitzeko egokigailuak egongo dira, baina zalantza da jendeak egokigailu horiek erosiko ote dituen hasieran tokiko telebistak bakarrik ikusteko, hain zuzen ere tokikoak baitira pauso hori eman behar duten lehenengoak, kate handien aurretik».

Hori horrela, ikastaroetan parte hartu zutenek gogora ekarri zuten Nafarroako Gobernua zein Lakuakoa hasiak direla dagoeneko legeztatze prozesu horretara egokitzeko lehen urratsak ematen.

“Tokiko”, elkarlana bultzatuz

Digitalizazioaz aparte, tokian tokiko telebisten erronka nagusia berezko programak ekoizteko bitartekoak eduki ahal izatea da. Egun, hedabide txikiak eurek egindako programak emititzen dituzte, baina, aitortu dutenez, nahi baino gutxiago produzitzen dute. Errealitate horren atzean gisa honetako telebistek dituzten baliabide ekonomiko zein pertsonal urriak daude, maiz diru-laguntza eskasekin ­edo gabe­ egin behar baitiote aurre saioen ekoizpenak eta emititzeko programen erosketak suposatzen duen gastuari. Bestalde, ohiko tokiko hedabide batean batez beste hamabi pertsona aritzen dira lanean, eta urritasun hori ere mugatzat hartzen dute komunikabide horietan dabiltzan langileek.

Hartara, 2005 urtean zenbait tokiko telebista batu eta “Tokiko” elkartea osatu zuten, aipatu hutsune edo muga horiei guztiei aurre egiteko xedez. Erakundearen helburu nagusia herri edo eskualdeetako telebistek ekoitzitako programak elkartrukatzeko gune bat sortzea da, produkzioan dituzten mugak direla-eta kanpoko saioak erosi behar izaten baitituzte ikus-entzuleei programazio osatua eskaini ahal izateko.

Azken batean, euskarazko kanalen arteko kolaborazioa bultzatzea bilatzen du.

Euskarazko komunikabide izateak eragin berezia du programen erostean; programazio osoa euskaraz osatu nahi duten telebistentzat ez da erraza izaten euskarazko produktuak bereganatzea, eta, nagusiki, ETBra jo behar izaten dute. “Tokiko”k aintzat hartu zuen faktore hori, eta ETBrekin erosketa-programa bat adostea hartu zuen bigarren helburu nagusitzat. Horrela, tokiko telebistek ekoitzi ezin dituzten programak «prezio politika egoki» baten bidez erosi ahal izatea aurreikusten dute erakundeko kideek.

Elkarte horretako partaide dira, besteren artean, UEUren Udako Ikastaroetan euren programazioa aurkeztu eta izan duten esperientzia kontatzera joan ziren Ttipi-Ttapa (Bera), Urdaibai TB (Gernika), Xaloa (Elizondo) eta Goi TB (Arrasate) komunikabideetako ordezkariak.

Tokikotasuna zaintzeko organoa

Aipatutakoaren ildotik, Aranak tokiko telebisten arteko harremana sendotu eta trukea bideratzea ezinbestekotzat jo zuen: «Dagoen lan ikaragarria ezin da bakarka egin. Trukea premiazkoa da legeak ekoizpen propioaren alorrean markatzen dituen neurrietara iritsi ahal izateko. Eta tokikotasuna zainduko duen organo bat ere behar da, legeak agintzen duena betetzen den ala ez ikusteko jarraipena egingo duen erakunde bat. Euskararen erabilera eta barne-produkzio kopurua errespetatzen ez badira, mugak eta isunak jarriko dituen erakunde bat derrigorrezkoa da, bestela kate handiek jango dutelako dena», ziurtatu zuen Aranak.



MAC, tokiko telebisten eremuan aitzindari
UEUk tokiko telebisten erakusleihoa osatu nahi izan du ikastaroaren bidez, eta, antolatzaileen esanetan, ideia Kataluniako MAC azokatik hartu dute. Erakundeak, operadoreak eta zerbitzu hornitzaileak bildu dituzte, eta, azaldu dutenez, Estatu espainoleko ikus-entzunezkoentzako azpiegitura teknologiko, ekipamendu eta zerbitzu informatikoen alorreko enpresa garrantzitsuenak egon ohi dira bertan. Antolatzaileen ustez, handik asko daukagu ikasteko, eremu honetan aitzindaria baita. -



Urdaibai TB eta Ttipi-Ttapa, tokian tokiko proiektuen lagin
A. A.
EIBAR

Ikastaroetan izena eman dutenei tokiko telebisten errealitatea eta egunerokotasuna erakusteko Euskal Herriko zenbait hedabidetako ordezkariak gonbidatu dituzte Eibarko egoitzara. Urdaibai Telebistako Joxe Antonio Uriarte “Itxaso” eta Ttipi-Ttapako Joxe Manuel Irigoien izan ziren atzo euren esperientziaren berri eman zutenak eta, gaur, GoiTB eta Goierri Telebistako ordezkariak izango dira.

Itxaso zein Irigoienek tokiko telebisten erronka nagusia eta buruhauste gehien eragiten diena produkzioa izan ohi dela ziurtatu zuten. Eta hedabide horiek euskara hutsean lan egin nahi dutenean ­ikastaroetan parte hartuko duten laurak bezalaxe­, arazoa areagotu egiten dela nabarmendu zuten.

Urdaibai TBren kasuan, zortzi langileren artean eguneko lau orduko produkzioa egiteko bidea dutela azaldu zuen Itxasok: «Denek dena egin behar izaten dugu, halako telebista txikietan ezin dugu pertsona gehiagorentzat soldatarik eskaini», azaldu zuen. Estudioko saio gehienak aurretiaz grabatuak izaten badira ere, zuzeneko emanaldiak ere egiten dituzte Urdaibai TBn eta, Itxasok azaldu zuenez, behin baino gehiagotan bi pertsonak moldatu beharra izan dute saioa grabatzeko: «Hiru lau kamera jartzen ditugu, geldi, eta kontroletik pertsona bakarrak eramaten du irudia eta soinua, aurkezlea hizketan ari den artean», adierazi zuen.

Tokiko telebista hori Lea Artibai eta Urdaibaiko berriez arduratzen da eta baliabide pertsonalen urritasunak mugikortasunean mugak jartzen dituela azaldu zuen: «Zaila egiten zaigu leku guztietara iristea, baina nola edo hala aurrera egiten dugu. Kazetaria falta den uneetan mikrofonoa norbaiti eman eta ‘esan bi edo hiru minututan hemen ikusi duzuna’ esaten diogu. Hori da, azken batean, benetako tokiko telebista».

Finantzaketari dagokionez, diru iturrien %40 publizitate bidezkoa dela azaldu eta Gernikako udalak emandako laguntza eskertu zuen.

Ekonomia, muga nagusia

Ttipi-Ttapako ordezkariak tokiko komunikabide baten norabidea populazioak berak markatzen duela adierazi zuen, eta telebista haiei zuzendua izango dela aintzat hartuz, herritarren nahia aztertzea ezinbestekoa dela ziurtatu zuen. Mugak, aldiz, ekonomiak markatzen omen ditu.

Prentsa idatziarekin eta irratiarekin alderatuz, telebistak baliabide gehiago eta garestiagoak behar dituela esan zuen, batez ere teknologia aldetik. Mugikortasunaren garrantzia ere aipatu zuen: «Gainerakoek joaterik ez badute telefonoz jakin dezakete albistearen berri, baina, guk derrigorrez joan behar dugu, irudiak behar ditugulako. Horrek denbora gehiago eskatzen du, lana zailtzen digu eta garestiago ateratzen zaigu», eman zuen aditzera.

Bortzirietatik hasi eta Malerreka bitartean jasotzen da Ttipi-Ttaparen emisioa eta zortzi urte daramatza martxan. Eskarmentuaren eraginez, zuzenekoak egiteari utzi egin ziotela azaldu zuen Irigoienek eta soilik hauteskunde garaietan egiten dituztela azaldu zuen.

Egun, hamabi dira tokiko telebista horretan dabiltzan langileak ­sei produkzioan eta beste horrenbeste arlo komertzial eta administratiboan­ eta Ttipi-Ttaparen programazioaren %66,6 eurek ekoitzitako programen bidez egiten dute. Gainontzekoa elkartrukeko saioak dira, ETBri erositako saioren bat edo beste ere emititzen duten arren.



«Sustraiak (ber)piztu» lemapean, egungo premiei erantzutera datoz ikastaroak

A. A.
EIBAR

Udako Euskal Unibertsitateak “Sustraiak (ber)piztu” lemapean abiatu ditu aurtengo Udako Ikastaroak Eibarko ikastetxe nagusian, eta jardunaldien irekiera ekitaldian Lore Erriondo UEUko zuzendariak azaldu zuenaren arabera, ikastaroak biziberritzea eta gizartera hurbiltzea da helburu nagusia: «Sustraiak berpiztuz, 34. aldiz antolatu ditugu aurten Udako Ikastaroak, Eibar, Baiona eta Iruñean. Gure izate eta nortasunari eutsiz, gaurko premiei erantzun nahiaz biharkoa hobea izateko ahaleginean, aukera ugari lantzeko erronka ez da makala».

Era berean, UEUren ikastaroak «unibertsitario euskaldunen topaleku» direla ekarri zuen gogora Erriondok, eta, elkarren berri izateko, proiektu berriak partitzeko eta abian jartzeko, lagunak egiteko eta euskal kulturaren egoera zertan den bertatik bertara ikusteko aukera ematen dutela nabarmendu zuen.

Ikastaroek hiru astez irauten dute eta azken asteko kurtsoak Baionan emango dituzte. Zentzu horretan, Erriondok UEUren lehen urteak oroitu zituen: «Gorazarre egin nahi diogu duela 34 urte lehen hatsa eman zigun Ipar Euskal Herriari, eta, sustraien erroa galdu ez dugunez, aurtengo ikastaroak Ipar Euskal Herrian UEU sorrarazi zuen loraldiari omenaldia eskaini nahi diote. Nahiz eta sustraiak ez diren berpizten, sustraiei lotuta egonik, berpiztu dezakeguna hastapen hartako ilusioa da. Aurten aukeratu dugun irudiak ere bizitasun hori, ilusio hori adierazi nahi du, eta hori dela-eta, uda arrosaz tindatzeko deia egiten dizuet», esan zuen UEUko zuzendariak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Casi 40 muertos al descarrilar dos vagones del metro
Jendartea
Muere una mujer en Basauri acuchillada presuntamente por su compañero
Mundua
Bi etorkin hil dira Melillako hesia igarotzeko ahaleginean
Kirolak
A primera hora se despidió de Osasuna...
Ekonomia
Langile bat hil da elektrokutatuta Trapagaranen
Euskal Herria
La primera reunión pública entre Batasuna y el PSE será el jueves
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss