GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-04
Euskal «triunfadoreak»
Kursaalean egin zituzten atzo Gestmusic enpresak bultzatutako «Operacion Triunfo»n parte hartzeko probak. 758 lehiakide aurkeztu eta 38 izan ziren hautatuak.

Goizeko bederatzietan hasi zen mugitzen ia 800 pertsonak osatutako ilara. Kursaaleko atarian ‘‘Operacion Triunfo’’ telesaioan parte hartzeko probak egitear ziren. 758 pertsona bizitzak 360 graduko bira emango zuen esperantzaz. Urduritasuna zen nagusi parte hartzaileen artean. Gehienak lagunez lagunduta; beste asko bakarrik, froga lehenbailehen egiteko gogoz. 16 urtetik gorako edozein izan zitekeen partaide; mutil edo neska, gazte edo zahar, guztiak eztarriak berotu eta epaileen aurrean barruan zutena emateko prest.

Lotsak askotan lekurik ez duela izaten esan ohi da. Egia da. Lehenengo musua ematera ausartzen ez garenean bezala, ehunka kantari beraien lehenengo musu musikala jasotzeko prest zeuden.

Iragan ekainaren 21ean eman zioten hasiera hautaketa probei. Bartzelonan egin zituzten, eta ia 5.000 pertsonak hartu zuten parte. Atzo Donostian izan ziren, eta datorren ostegunean Galizian izango dira. Estatu espainol osoan izango dira hauta probak.

Lehiakide bakoitzak hiru proba gainditu beharko ditu. Lehenengoan, norberak aukeratutako kantu bat abestu eta interpretatu beharko du. Gaur, bigarren probari ekingo diote. Goizeko zortzietan hasiko da, eta atzoko oztopoa gainditzea lortu zutenek epaileek egindako galderei erantzun beharko diete. Elkarrizketaren ondoren, kantuan jarraitu beharko dute.

Azken fasean, proba trinko bat gainditu beharko dute parte hartzaileek. Bertatik «bizirik» irteten direnak zuzenean egingo den lehen ekitaldian izango dira.

Adin eta izaera desberdineko jendea bildu zen atzo Kursaaleko atarian. Lotsati eta ausart, guztiek ilaran egon beharra zuten euren txanda heldu arte. Itxaron beharreko denborari hegalak mozteko edo, talde txikietan elkartu eta abestirik gogokoenekin lasaitzen zuten giroa. Sarrerako atea gero eta gertuago zegoen, eta urduritasunak lekua hartzen zuen.

TXALO ARTEAN

Sartzeko gutxi geratzen zitzaien lehiakideak barrenak hustu beharrean zeuden; lehertzear zeuden. Epaileen aurrean jarri, eta batek baino gehiagok, abestu zuenaz ez zela akordatzen adierazi zuen. Proba aurreko gorakadak, ordea, beherakada ere badu. Barrenak hustu osteko mementoa izan ohi da zailena. Hautatu dituzten ala ez jakiten dutenekoa, hain zuzen ere. Irteerako atarian, proban egondako jendea joan zen pilatzen. Irteten zirenak txalo artean jasotzen zituzten. Hautatuak izan ez zirenek esker oneko aurpegia zuten, eta hautatuak izan zirenek, ordea, ez zuten horren beharrik.

Zortea lagun izan zutenei ez zitzaien irribarrea ahotik mugitzen. Ahoko perlak erakusten irteten ziren. Horiek izan ziren lehen musu musikala jaso zutenak. Guztira 758 pertsona aurkeztu ziren. 38 izan ziren hautatuak. 38 irribarre eta 728 malko.

Euskal Herrian egiten zen proba bakarra zen Donostian egindakoa. Beraz, beste lurraldeetatik etorritako jende ugari zegoen. Gehienak eranskailua bularrean itsatsita izateko esperantzarik gabe joan ziren probara. Beldurra zen nagusi gehienen aurpegietan; inoiz ezagutu gabeko lurraldean sartzear izatean gertatu ohi den bezala.

Bilboko gazte bat izan zen proba gainditzea lortu zuenetako bat. «Probara inolako aurreikuspenik egin gabe etorri naiz. Mundu honetan zer dagoen ezagutzeko gogoa nuen. Urduri nengoen oso, eta bizkar-zorroan litro bat ezki ur ekarri dut. Epaileen aurrean kantatzea oso gogorra da, sekulako lotsa eman dit», azaldu zuen.

Gaur, Euskal Herriko «triunfadoreen» azken lehia jokatuko da. Musika ugari, eztarriak bero eta epaileei so. Abeslari famatuen kantuei bigarren bertsio bat egiteko aukera izango dute. Zortea lagun duenak berriro itsatsiko du eranskailua bularrean. Zortea bidaide izatea ezinbestekoa izango da. Onenak irabaz dezala. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Casi 40 muertos al descarrilar dos vagones del metro
Jendartea
Muere una mujer en Basauri acuchillada presuntamente por su compañero
Mundua
Bi etorkin hil dira Melillako hesia igarotzeko ahaleginean
Kirolak
A primera hora se despidió de Osasuna...
Ekonomia
Langile bat hil da elektrokutatuta Trapagaranen
Euskal Herria
La primera reunión pública entre Batasuna y el PSE será el jueves
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss