GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > PILOTA 2006-08-29
Migel Mari URRUTIA | Erremonte jokalaria
«Ligaxkan neure buruari erakutsi nion onenei irabazteko gai naizela»
Joko txundigarria erakutsiz aho zabalik utzi zituen Migel Mari Urrutia saldiastarrak Lizasoren aurkako finalerdia ikustera Galarretara joan ziren ehunka zaleak. Erremonteak etorkizunera begira duen pilotari osoena da nafarra, eta ilusioz beteta helduko da Kursaal Torneoaren finalera. Aurrean Patxi Zeberio izango du, esperientzia handiko aurrelaria, baina Urrutia gaztea ez da kikiltzen. «Plazagizona naiz», adierazi digu.

Ongi merezita menderatu zuen Urrutiak Lizaso aurreko ostegunean, eta, Koteto Ezkurraren lesioa dela-eta, Zeberio II.a izango du aurkari Buruz Buruko final handian. Txapelketak gaztearen aldeko aurrekari bat utzi zuen final-laurdenetako ligaxkan, baina benetako hitzordua larunbatean iritsiko da. Neurria hartzen joateko elkarren aurka jokatuko dute gaur binaka Galarretan.

­Galarretako ikusleak txundituta utzi omen zenituen Lizasoren aurkako finalerdian. Horren ongi iritsiko al zara finalera?

Fisikoki orokorrean ongi nago eta finala jokatzeko sekulako ilusioarekin. Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatuko dudan lehen aldia da eta horrek sekulako motibazioa ematen dit. Besoan min arin batekin nabil, baina masajistarenean izan naiz; aste honetan beste behin ere joango naiz, eta finalerako bete-betean egotea espero dut.

­Baina, hala ere, gaur Galarretan jokatuko duzu.

Bai, bai, jokatzeko arazorik ez daukat, min txiki bat baino ez da. Gaur partida jokatu, bihar masaje saio bat, ostiralean beste bat agian, behar dudala ikusten badut, eta larunbatean finala. Txispa badaukat eta larunbatera begira oso ongi iritsiko naizela uste dut.

­Gaurko neurketa jokatzea zuek eskatu duzue ala enpresak jarritako hitzordua da?

Beno, bietatik pixka bat. Enpresak galdetu egin zigun ea jokatu nahi genuen finala heldu aurretik, eta nik baiezkoa eman nuen. Ona iruditu zitzaidan lehiaketa erabat ez uztea eta proba on bat egitea larunbata baino lehen, aste oso bat geldi egon beharrean. Patxik ere iritzi bera azaldu zuen eta asteartean partida hori jokatzea erabaki genuen.

­Lizasoren aurka erakutsitako joko onari jarraipena ematea izango al da zure helburua?

Zalantzarik gabe. Iñakiren kontra batere presiorik gabe jokatu nuen. Bera irten zen faborito oso argi, eta banekien irabazteko asko nuela eta galtzeko, berriz, oso gutxi. Hasieran asko kostatu zitzaidan niri kantxan jartzea eta berak oso ongi jokatu zuen. Baina sakea hartu nuenean «eta zergatik ez?» pentsatu nuen. Bera ere ez nuen oso ongi ikusten, nahiko urduri zegoela ematen zuen, eta hil edo bizi jokatu nuen. Sakearekin ongi aritu nintzen eta aurrean saiatutako guztia ere ongi irten zitzaidan. Oso pozik amaitu nuen neurketa, eta larunbat honetan hura errepikatzen saiatuko naiz. Ea berriz ere partida polit bat egiten dudan.

­Baina oraingo honetan aurrelari baten kontra jokatuko duzu.

Askoz hobeto sakatu beharko dut. Patxi errestatzaile bikaina da eta sakearekin min egiteko asko saiatu beharko dut. Hori bat, eta, gero, pilota errebotetik ahalik eta hurbilena jartzea ere garrantzitsua izango da. Aurrelaria denez, atzealdeko akats horiek behartzen saiatuko naiz edo hor huts egingo duen esperantzan, behintzat.

­Pilota hautaketa ostegunean duzue. Zer komeni zaizu zuri?

Ez diot garrantzi handiegia ematen materialari, baina eskatzen hasita asko ibiltzen diren pilotak nahiago. Lehen esan dizudan bezala, pilota atzean sartzen saiatuko naiz eta horretarako pilota biziak hobe. Baina ez dut uste aukeraketan arazorik izango denik.

­Final-laurdenetako ligaxkan jokatutako partidan 35 eta 34 irabazi zenion. Neurketa hura har al daiteke erreferentzia moduan?

Erreferentzia bada, eta nire kasuan, neure buruari erakutsi nion Zeberio II.ari irabazteko gai naizela. Orduan erreboteko jokoan oso ongi aritu zen bera, eta nik sakearekin ez nuen horrenbeste asmatu. Alde horretatik, lasai nago, nik nire jokoa egin nahi dut eta maila ona eman.

­Puntan zabiltzaten pilotarien artean zu zara gazteena. Esperientziak abantaila emango al dio Zeberiori?

Bikoteka txapel bat badaukat eta torneo batzuk ere irabazi ditut azken urte hauetan: sanferminetako buruz burukoa, Labriten ere finalera iritsi nintzen... Ez naiz kantxan asko sufritzen duten horietakoa; okerrago pasatzen dut etxean aurreko egunetan pilotalekuan bertan baino. Berak esperientzia handia- goa duela argi dago, baina ez da hori gehien kezkatzen nauena.

­Galarretan urteko egunik garrantzitsuenean protagonista izatea gauza handia izango da...

Finalerdietako partidan bizitakoak merezi du. Frontoian sartzerako konturatzen zara sekulako jende pila dagoela, dena beteta eta sekulako burrunba entzuten da jende artean. Asko motibatzen zaitu eta tantoa egin edo galtzen duzunean pilotalekua zutik jartzen da. Ea finalean ere harmailak betetzen diren eta giro polita sortzen dugun guztion artean.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
El fuego de Zornotza se da por extinguido sin saber la causa
Jendartea
Ateak zabalik San Agustinen egunean
Euskal Herria
El PNV comienza a fijar fechas para que EA se decida
Euskal Herria
Erreferendum batean, EAEko biztanleek independentziaren alde egingo lukete
Ekonomia
Repsol amenaza a Bolivia con acciones legales
Kirolak
Ziganda avanza que habrá rotaciones
Kirolak
El juez admite el recurso del CAT y Astillero se queda fuera
Mundua
Los habitantes de Beirut reciben con protestas a Kofi Annan
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss