GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-12-18
Mindegiak lan erdietatik aurrera erabaki du auzia
·3.000 ikusle inguru batu ziren Tolosako zezen-plazako norgehiagoka ikustekoData (nombre y apellido)

TOLOSA

Miel Mindegiak, 57 urterekin, garaipenak pilatzen jarraitzen du, eta atzo ere halaxe egin zu- en Joxemari Olasagastiri irabazi egin baitzion Tolosako zezen-plazan jokatu zuten desafioan.

Ikusmina ikaragarria izan zen, baina akaso inork uste baino jende gehiago batu zen neurketa ikustera, ia 3.000 zale ikus zitezkeen-eta harmailetan. Desafioa bera ere ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi behar izan zuten, apustua iragarrita zegoen ordurako jende asko baitzegoen kanpoan barrura sartu ezinik, eta denak sartu bitarte itxaron zuten. Aizkolari bakoitzak 24 kana-erdiko moztu behar izan zituen, eta enborrak erdi bana plazaratu zituzten. Apezetxea eta Telletxea izan ziren Mindegiaren laguntzaileak, eta Etxebeste eta Peñagarikano Olasagastirenak. Alde bakoitzak 18.000 euro jokatzen zituen dirutan. Hasieran, dirua 100-80 atera zen Mindegiaren alde, eta lanak 55 minuturen azpitik moztu baietz atera zen.

Olasagastik bizi-bizi ekin zion apustuari, aurretik iragarri zitekeen bezalaxe, bere helburua Mindegia atzean uztea baitzen, eta aurretik izan zen lehen hamar enborretan. Hala ere, ez zuen alderik ateratzea lortzen: nafarra sei-zazpi segundora izan zuen, beti gainean.

Aizkolarien erritmoa, gainera, oso ona izan zen, enborrak eutsi samarrak izan arren, lehen zatian bi minututik behera ibili baitziren. Hamargarren enborrean, bi segundo ateratzen zizkion Igeldokoak Ezkurrakoari, baina hortxe amaitu zen apustua, bigarren zatian Miel Mindegia erabat nagusitu baitzen.

Hurrengo egurrean nafarra aitzineratu zen, zazpi segundo aurretik zela, eta hortik aurrera aldea gehitzen joan zen.Lan erdietan, minutu erdiko aldea ateratzen zion Mindegiak Olasagastiri, eta apustuak erabakita ote zegoen itxura hartu zuen, eta halaxe izan zen. Ezkurrako aizkolari beteranoak bere lanean jarraitu zuen, eta aldea gehitzen joan zen. Olasagasti ere konturatu zen harrapatzea zaila izango zuela, eta etsi egin zuen, eta amaieran ez zen emoziorik izan. Bukaeran, garaipen handia Mindegiarentzat, lan eder bat eginda. Olasagastik berak ere ez zuen lan txarra egin, baina ezin izan zen gailendu.

Bukaeran, kiroltasuna izan zen nagusi, eta Olasagastik bere lanak amaitu zituenean, Mindegiarengana gerturatu, bostekoa eman eta denen aurrean zoriondu zuen, plaza betetzen zuen jendearen txalo artean. Amaieran Olasagastik ez zuen aitzakiarik jarri: «Bera hobea izan da gaur, eta hori onartu beharra dago», esan zuen Igeldokoak apustua amaitu ostean.

Bera aurretik joan arren, alderik ezin izan zuela atera onartu zuen: «Hasieran azkar abiatu naiz, baina beti gainean ikusten nuen. Ni denak emanda aritu naiz, baina berak ere hortxe jarraitzen zuela ikusten nuen eta ezin nion ihes egin. Gero, hamaikagarren enborrean adar bat atera zait eta pasa egin nau, eta hor animoak galdu ditut, eta akabo», esan zuen Igeldoko aizkolariak. Atzo Tolosan batu zen jendetzari buruz, berriz, zera esan zuen: «Hau latza izan da. Galdu arren, gustura egoteko arrazoiak badaudela uste dut horrenbeste jende ikusita. Berriro ere horrelako jendetza batzeko gaur bezalako bi kirolari handi izan beharko dute lanean», esan zuen aizkolari gipuzkoarrak.

Etorkizunari begira, ez dela ezer aldatzen aitortu zuen: »Ez ez, etortzerako ere banekien bietako batek galdu beharra zeukala, eta hori onartu behar da. Galdu dut, baina ez da ezer gertatzen, hemen aurrera jarraitu beharra dago», esan zuen agurtzeko Igeldoko aizkolariak.



Mindegiak apustua jokatzeko deia egin du berriro
J.L.

TOLOSA

Miel Mindegiari bikain etorri zitzaion atzoko garaipena, eta bazkaldu ostean, apusturako deia egin zuen berriro ere Euskadi Irratiaren bidez.

«Orain ongi nago, eta berriro ere apustua jokatzeko gertu nago. Hogei 60 ontzakotara jokatuko nioke edozeini, eta datorren ostiralean 20.00etatik aurrera Tolosan egongo naiz Kantabriko tabernan. Niregatik hilabete batera jokatuko nuke, baina gehiago egon behar bada, egongo naiz», adierazi zuen uhinetan.

Atzoko apustua amaitu ostean, berriz, honakoa esan zuen: «Lan erdiak bitarte aurrea hartu nahi zidan, baina eutsi egin diot. Gero, hortik aurrera ni hasi naiz nagusitzen, eta uste dut berak etsi ere egin duela ezin ninduela harrapatu ikusi duenean. Gustura aritu naiz aizkoran», aitortu zuen.

Atzoko apustua zergatik jokatu zuen ere argitu zuen: «Nik nire burua oso ongi ikusten nuen, eta aurten Lehen Mailako Txapelketan atera nahi nuen, baina lehen uko egin nionez, Hirugarren Mailatik hasi beharra nuela esan zidaten, legeak horrela zeudelako. Nire hutsegitea izan da, eta haserre samar nengoen nire buruarekin. Gero, Euskal Herriko finalean berak bezainbeste egin nezakeela ikusten nuen, eta horregatik jokatu nahi izan dut, eta uste du ikusi dela nolako maila dudan», aitortu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Muere un preso en Martutene por causas no naturales
Euskal Herria
Harrera eta babes zabala jaso du Ahotsak-ek Madrilen
Mundua
El canciller palestino sobrevive a un atentado en un día con dos muertos
Kirolak
Martínez de Irujo, el pelotari total
Kirolak
La Real reacciona cuando peor lo tenía
Kirolak
Conquistada otra fortaleza inexpugnable en Primera
Kirolak
Mindegiak lan erdietatik aurrera erabaki du auzia
Mundua
Desaparecen en el mar más de un centenar de emigrantes senegaleses
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss