GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-12-21
Biltzarrak alderdia «indartuko» duela espero du Larreinak
2007ko maiatzean izango diren hauteskundeetara bakarrik edo EAJrekin batera joateko erabakiak hautsak harrotu ditu EAn, eta behin betiko erabakia heldu den urtarrilean hartuko du alderdiak Ezohiko Biltzarrean. Begońa Erraztik egingo du txosten ofiziala, eta bakarrik aurkeztea proposatuko du.

GASTEIZ

Eusko Alkartasunaren Asanblada Nazionalak bilera egin zuen asteartean Gasteizen, eta bertan bildutako lagunek erabaki zuten, alderdiko zuzendaritzak proposatu bezala, Ezohiko Biltzarra egingo dutela heldu den urtarrilaren 21ean, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Rafa Larreina EAko Antolakuntza idazkariak agerraldia egin zuen atzo Arabako hiriburuan, astearteko bileraren berri emateko eta urtarrileko hitzorduari buruzko zenbait zehaztapen egiteko.

Izan ere, Bilbon egingo duten bilera nazionalean, 2007ko maiatzeko hauteskundeetara bakarrik joango diren edo EAJrekin koalizioa hitzartuko duten erabaki beharko dute EAko 600 bat ordezkarik. Gai horren inguruan, asteartean tentsiouneak izan ziren aukera baten eta bestearen aldekoen artean, eta giroa ez da batere goxoa izango Euskalduna Jauregian.

Bere hizketaldian Larreinak adierazi zuen Biltzarretik EA «alderdi gisa indarturik» aterako den itxaropena duela, eta gaineratu zuen espero duela ordezkariek hauteskundeetara bakarrik joateko erabakia berretsiko dutela.

Alde horretatik, EAko buruzagiak gogorarazi zuen hainbat afiliatuk sinadura bilketa egin zutela ez zeudelako ados hauteskundeetara bakarrik joateko zuzendaritzak hartutako erabakiarekin. Larreinak nabarmendu zuen aurkeztutako 1.583 sinaduretatik, 1.526 bakarrik onartu zituztela. Kopuru hori afiliatuen %25 baino gutxiago da, beraz, ez da nahikoa Ezohiko Biltzarrera deitzeko.

«Ez dio beldurrik eztabaidari»

Hori gogorarazi ostean, Larreinak adierazi zuen emaitza horiek ikusita EAko zuzendaritzak berak erabaki zuela Biltza- rra egitea. «Auzi honen gaineko eztabaida jadanik mahai gainean zegoen, eta guk ez diogu beldurrik eztabaidari», esan zuen.

Are gehiago, alderdiko biltzarkideak hauteskundeetara bakarrik joatearen alde agertuko direlako «uste osoa» agertu zuen. Zuzendaritzan jarrera hori, gaur egun, «ia aho batekoa» dela azaldu zuen.

Biltzarreko txosten ofiziala EAko lehendakari Begońa Erraztik egingo du ­ia bukatuta dauka­, eta Eguberri eguna baino lehenago banatuko diete afiliatuei.

Erraztik EAJrekin batera aurkeztearen alde bozkatu zuen EAko Zuzendaritzak gai hori jorratu zuenean. Horren gainean galdetu ziotenean, Larreinak aipatu zuen «alderdi barruko demokraziaren isla» dela gertatutakoa, eta esan zuen alderdi barnean erabaki bat hartzen dutenean, bere egiten dutela «denek».

Txosten nagusiari zuzenketak aurkezteko epea urtarrilaren 14an bukatuko da, eta egun horretan erabakiko dituzte Biltzarrean parte hartuko duten lagunen izenak ere.

Asteartean, txostenaren lerro nagusiak azaldu zizkien Erraztik EAko afiliatuei.

Egungo egoera politikoaren gainean ere aritu zen Larreina, eta bere alderdiak une honetara heltzeko «lan handia» egin duela aipatu zuen. Horregatik, «lan horretan jarraitzeko konpromisoa» dutelako, beharrezkotzat jo zuen biltzarretik EA indartuta ateratzea.

Prozesu politikoari dagokionez, aurrera egiteko ezinbestekotzat jo zuen Larreinak bi gairen gainean adostea: «Lurralde- tasuna eta autodeterminazio eskubidea».

«Euskal Herria ez da bakarrik errealitate kultural bat; Europar Batasunaren barnean herri gisako instituzionalizazio politikoa izateko eskubidea duen erkidegoa ere bada», nabarmendu zuen lurraldetasunaren gainean. Autodeterminazioari buruz, «aldarrikatu eta egikaritu» behar den eskubidea dela adierazi zuen.

Horrekin batera, urtarrileko bilerak EAren «proiektu sozialdemokrata» indartzeko balioko duen itxaropena agertu zuen, eta proiektu hori «burujabetasunari erabat lotuta» dagoela gaineratu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
LAB emplaza a Zapatero a dar «pasos resolutivos»
Euskal Herria
Parisek Errea eta Larraz abokatuak espetxeratu ditu
Euskal Herria
El Gobierno espańol comunica contactos con ETA, pero sin novedades relevantes
Iritzia
La cita con ETA y el derecho de reunión
Mundua
Bush reconoce por primera vez que «no estamos ganando» la guerra de Irak
Euskal Herria
La movilización se abrió paso entre los autos judiciales y las filtraciones
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss