GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-05
Rebeka CALVO
«Eskiatzen baino askoz hobeto»
Txikienak operara eta orokorrean artearen diziplina desberdinetara erakartzeko asmoz antolatutako «Operari ekin» gabonlekuak atzo bukatu ziren «Enperadorearen jantzi berria»ren antzezpenarekin. Aurten berrogei bat umek hartu dute parte eta guztiek «oso urduri» zeudela aitortu zuten goizeko entsegu nagusian.

Ez zait axola eskiatzera joan gabe geratzea, nahiago dut hona etorri», esan zuten Barańaingo Auditoriumeko “Operari Ekin” gabonlekuetan parte hartu duten bi anaiak.

Ume horiek familia osoaren planak aldarazi dituztela aitortu zuen gabonlekuetako koordinatzaile Xabier Lizaso piano-jotzaileak: «Antza, nahiago zuten lan egin».

Atzokoa azken entsegu eguna zen; izan ere, abenduaren 26tik hona “Enperadorearen jantzi berria” opera egon dira prestatzen eta estreinaldia atzo egin zuten Barańaingo Auditoriumeko antzezlekuan.

Arratsaldeko emanaldia baino lehen, goizean, urduritasuna zen nagusi Auditoriumeko eskaileretan gora eta behera zebiltzan haurren artean eta guztiek gauza bera esaten zuten: «Agertokira joan nahi dugu!». Honakoa zioen builaka ume batek ere: «Horrenbeste denbora itxaroten egon eta gero nolakoa izango den ikusi nahi dugu».

Tabuak apurtu

Umeak operara erakartzea ez da erraza; egia esan, ezta helduagoak ere, baina gabonlekuen xedea haratago doa.

«Operara erakarri nahi izan ditugu, bai, baina horretarako beste hainbat gauza ere landu behar izan ditugu. Batez ere tabuak kendu nahi izan dizkiegu, tabuak orokorrean, etorkizunean aberasgarria izango baita eurentzat. Ea horrela urte batzuk barru edozerri heltzeko ausardia duten», azaldu zuen Lizasok.

Txikienak operara erakartzeko hiru taldeetan banatu zituzten. Batetik, lau eta sei urte bitartekoak arte plastikoen lantegietan batu zituzten, sei eta hamabi urte bitartekoak musika lantegietan, eta hamabi eta hamasei urte bitartekoak, azkenik, zinema lantegietan.

Tamalez, zinema lantegietan oso ume gutxik eman zuen izena, eta ondorioz, ezin izan dute egin urtarrilaren 14an produkzioaren gainean eskaini nahi zuten erreportajea.

Beste bi lantegietan, hala ere, berrogei bat ume egon dira goizero-goizero lanean. «Gabonleku musikaletan jolasen bidez soinketa, antzerkia eta dantza jorratu dute», azaldu zuen piano-jotzaile oriotarrak. Saioak 50 minutukoak ziren, baina «oso gustura» egon dira guztiak «jolasean zeudela ia ez zirelako denboraz ere ohartzen». Hori bai, talde horretan parte hartu zuen Cristina kexu zen etxeko lan asko izan dituelako: «Arratsaldean etxean etxeko lanak egin ditut opor hauetan, lan asko genuen egiteko». Antzezlanaren gainean ere mintzatu zen: «Ni Pierret naiz operan, guztiek tontoa dela uste dute, baina gezurra da, enperadoreak trajerik ez duela konturatzen den bakarra da-eta».

Ander soldaduetako baten paperean sartu zen eta ausardiaz beteta arratsaldeko emanaldian ez zela urduri jarriko esan zuen. «Oso ondo pasatu dut egun hauetan; dantza asko gustatzen zait», aitortu zuen.

Eszenografia egiten

Txikienek arte plastikoen lantegietan hartu dute parte eta operaren eszenografia egiten egon dira irakasle izan duten Jyotima Barrenetxeak azaldu bezala. «Ispilu handi bat egin dugu, aulkiak era guztietako materialekin dotoretu ditugu erregeen tronuak egiteko, ehundegi handi bat ere egin dugu... gauza asko egin ditugu», azaldu zuen Barrenetxeak.

Lantegi horietan parte hartu duten hogei bat umeren artetik Miren eta Aida gerturatu ziren bertan bildutako kazetariekin hitz egitera. Mirenek azaldu zuen jantziak izan direla gusturen egindako eskulanak eta Aidari berriz, «ispilua pintzelekin margotzea» gustatu zitzaion gehien.

Oso argi zuten arratsaldeko emanaldian «ia guztia familia» izango zela eta «pixka bat urduri» zeudela onartu zuten.

Auditoriumekoek azaldu zutenez, “Enperadorearen jantzi berria” opera komikoa da, ikusle guztientzat. Umeentzat oso egokia da bere tratamenduagatik eta egituragatik.

«Iaz antolatu genuen lehen aldiz ‘Operari ekin’ eta orduko obra ‘Hansel eta Gretel’ izan zen. Aurten aukeratutako obra errazagoa dela iruditzen zait, testua oso erraza da eta umeek istorioa eta kantuak ezagutzen zituzten jada. Dena den, obra haurrentzat moldatu genuen», agertu zuen koordinatzaileak.

Horiek hala, ekitaldi bakarreko obra antzeztu zuten umeek, eta antzerkia, musika eta dantza estuki lotuta agertu zituzten. «Parodia gisa, ipuin bizkor eta burutsua islatzen dugu obra honekin, bai istorioa gertatzen den garai horretarako bai gaur egunerako balio diguna», esan zuen Lizasok.

Eta guztia girotzeko estilo neobarrokoa erabili zuten; jantziak, makillajea, koreografia, libretoa, musika, eszenografia... Umeek egun batez XVIII. mendeko gorte batera egin zuten salto eta bertan tabuak apurtu zituzten egungo ikusmen modernoaz baliatuta. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
LAB:«No se puede construir un proceso de paz sin compromisos recíprocos»
Euskal Herria
Interior de Lakua informa del hallazgo de un artefacto de 100 kilos en Atxondo
Euskal Herria
«Gazte antolakuntza eta borroka zigortu eta kolpatu nahi dute»
Ekonomia
Dos trabajadores mueren en Corella camino al trabajo
Mundua
Blair fuerza al DUP a retomar el proceso de paz ante la iniciativa republicana
Kultura
«Eskiatzen baino askoz hobeto»
Kultura
El corto «Eramos pocos», de Borja Cobeaga, aspira oficialmente al Oscar
Euskal Herria
Zapatero buscará acuerdos antes de dar explicaciones al Congreso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss