Arotzenak irabazi zuen Etxarriko finalaurrekoa
IRUÑEA
Estitxu Arotzenak eskuineko oinarekin hasi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Etxarri Aranatzen igandean jokatu zuten finalaurrekoan berak atera baitzuen punturik gehien. 313,5 puntu atera zituen lesakarrak; Erika Lagoma geratu zen bigarren 398 punturekin, Julio Soto hirugarren 384 punturekin, Juan Mari Lopez laugarren 377 punturekin eta Oskar Estanga eta Joseba Beltza segidan 370na punturekin.
Etxarri Aranazko kultur etxean izan zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoak 160 bat lagun bildu zituen eta saioak maila oso onik eman ez bazuen ere, tarteka distirak erakutsi zituen, Estitxu Arotzenaren eta Erika Lagomaren jardunetan bereziki.
Saioaren maila gorabehera, oso giro polita izan zuen txapelketaren lehen saio horrek. Alaitz Rekondo izan zen aurkezlea, eta Jon Abril, Mikel Bujanda, Saioa Mitxelena, Gaizka Sarasola eta Joxe Urroz izan ziren epaile.
Larunbatean Leitzako zinema aretoan jokatuko du Nafarroako Txapelketak bigarren finalaurrekoa. Julen Zelaieta, Etxabe, Bittor Elizagoien, Miel Mari Elosegi, Diego Riaño eta Oier Lakuntza neurtuko dira. Saioa arratsaldeko sei eta erdietan hasiko da. Atarrabian izango da hirugarren finalaurrekoa hilaren 18an, eta, horrenbestez, finalisten zerrenda prest izango da.
|