BILBO
Bertsolari Gazteen BBK Sariketea «garrantzitsua eta erreferentea» da Joana Mendiburu Bizkaiko BertsozaleElkarteko eledunaren hitzetan. Ikasleei jendaurrean aritzeko aukera eskaintzen die, baita plaza eta entzuleak ere. Taula gainean ez dauden gazteentzat, berriz, bertsoak entzuten ohitzeko modu bat da.Martxoan izaten den sariketa hau berezia da, taldekako lana nabarmentzen delako. Aurten, lehenengoz, barnetegi bat antolatu da, bertsolariak prestatu eta taldeen kohesioa lantzeko, «ekipoak funtzionatu behar duelako», nabarmendu zuen atzo Mendiburuk sailkapen saioen aurkezpenean.
Gaurko ipini dute lehenengo hitzordua, Durangoko San Agustin Kultur Gunean, 12.00etan. Hantxe aurrez aurre arituko dira Durangaldeko eta Arratiako taldeak. Etzi Bilboaldearen eta Ipar Uriberen txanda izango da. Txurdinagako Gabriel Aresti institutuan egingo da saioa.
Ohiko modura, bertsolariak bi mailatan bananduta egongo dira. A mailan 18 urte bitartekoak jardungo dira. Normalean 15 urterekin hasten dira gazteak bertsolaritzarekin harremana hartzen, lehenago zaila egiten delako bat-batekotasuna menderatzea. B mailak 19 eta 24 urte bitartekoak biltzen ditu.
Talde bakoitzak Bizkaiko eskualde bat ordezkatzen du. Gutxienez sei partaide izaten dira bakoitzean.
Gai-jartzaileak trebatzen
Gai-jartzaileak lau izango dira: Zuriñe Iarritu, Leire Aurrekoetxea, Bernar Mandaluniz, eta, lehenengoz, Maite Berriozabal. Izan ere, zeregin horretarako ere trebatzen ari dira gazteak. Epaimahaian JuanjoRespaldiza, Iñigo Olaberri eta Jose Luis Basterretxea jesarriko dira.
BBK sariketa «esperientzia amankomuna» dute ezagutzen ditugun Bizkaiko bertsolariek. «Unai Iturriaga eta Igor Elortzatik hasi eta beste guztiak esperientzia honetatik pasatu gara», adierazi zuen atzo FrediPaiak aurtengo ekitaldiaren aurkezpenean. Finalaren data zehazteke dago, baina ziurrenik martxoaren 31n izango da, Bilbon.