Emakumearen nazioarteko eguna
Emakumeen eskubideen aldeko lana oinarrizko zutabe jo du Batasunak
Emakumeen eskubideen aldeko lanak Batasunaren jardunean duen garrantziaz mintzatu ziren alderdi horretan lan egiten duten hainbat emakume. Biharko mobilizazioetan eta Euskal Herriko emakumeen eskubideen gutunean parte hartzeko deia egin zuten, eta egungo testuinguruan emakumearen parte hartze aktiboa ezinbestekoa dela gaineratu. Segik eta Euskal Herriko hainbat taldetako emakumeek ere bat egin dute biharko antolatutako mobilizazioekin.
DONOSTIA
Batasuneko hainbat arlo eta mailatan lanean aritzen diren emakume hainbatek mugimendu feministaren eta emakume taldeen lanari atxikimendua erakutsi zieten atzo. Era berean, emakumeen eskubideen aldeko borrokak Batasunaren jardunean eta egungo errealitate politikoan duen garrantzia nabarmendu zuten.Guztien izenean mintzatu ziren Marije Fullaondok eta Joana Regueirok azaldu zutenez, aurtengo martxoaren 8a «berezia da» Euskal Herriko emakumeentzat. «Mundu mailan emakumeen gutuna definitu eta onartu ondoren Euskal Herriko emakumeei dagokigu eskubideen gutuna zehaztea», azaldu zuten. Ildo horretan, Euskal Herriko mugimendu feministak eta emakume taldeek lan dinamika handia jarri dutela gogorarazi zuten eta Euskal Herriko emakume guztiei dei egin zieten gutunaren sortze eta eztabaidatze prozesuan eta biharko mobilizazioetan parte hartzera. Batasunekoek «Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko eskaintzan, emakumeen eskubideen aldeko lana funtsezko zutabea» dela aldarrikatu zuten, eta zera gaineratu: «Gatazkaren konponbiderako prozesu bat irekitzeko baldintzak sortzen ari garen honetan, emakumeen hitza eta parte hartze aktiborako eskubidea oso kontuan izan beharreko elementua da». Hori lortze aldera, neurri eraginkorrak abian jartzeko eskatu zuten. Batasuneko kide diren emakume hainbatek egindako agerraldian, era berean, ostegunerako, martxoaren 9rako, deitutako greba eta mobilizazioekin bat egiteko deia egin zuten.
Eguneroko jarduna
Segik ere biharko «Euskal Herri feminista» baten aldeko mobilizazioetan parte hartzera dei egin zuen. Gogor salatu zuen, gainera, egungo gizartean nagusi den «berdintasun faltsuaren diskurtsoa», eta horri, «egunez egun» lanean arituz aurka egitera dei egin zuen. Era berean, egoera honi aurre egin eta «Euskal Herri libre, sozialista eta feminista» eraikitzeko, emakumeen arteko antolaketa eta jendarte egitura eraldatu» behar dela esan zuen. Bere aldetik, iaz Gazte Mugi! Euskal Herriko gazte mugimendua bildu zuten topaketetan parte hartu zuten hainbat sektoretako emakumeek agerraldia egin zuten atzo. «Feminismoa, martxoaren 8 guztietan aldarrikatzen dugun lema bat izateaz harago, praktika bat da», esan zuten. Jarraibide hori arloka egin beharrekoa dela aitortu zuten, «eszenatokiaren dekoratuan aldaketa txikiak» baino ez direla egin adierazi baitzuten. Horren harira, hezkuntza sistemak ez dituela eredu parekideak sortzen, familiak exigentzia eta betebehar ezberdinak egozten dizkiela gizonei eta emakumeei, lan merkatua emakumeen menpekotasunaz baliatzen dela eta emakumeak bizitza publikoan ere erabaki guneetatik kanpo daudela salatu zuten, besteren artean.
|