Txiroen beharrei erantzuteko laguntza eza salatzeko elkarretaratzea ostiralean
BAIONA
Gizarteratzeko eta larrialdietako ostatua emateko diru-laguntzak murrizteak sortuko dituen egoera larriak salatzeko eta botere publikoek Ipar Euskal Herrian hotel sozialak sor ditzatela eskatzeko ostiralean, martxoaren 10ean, Baionako Espainiako Atean, arratsaldeko bost eta erdietan, elkarretaratze bat izango da.
Ekintza horretarako deialdia Atherbea, Emmaüs, Point Accueil Jour eta Table du Soir elkarteek egin zuten atzo emandako prentsaurrekoan, eta bertan, bereziki Atherbea zentroaren egoera ekonomiko zaila nabarmendu zuten. Gainera, jakinarazi zuten elkarretaratzea ez dagoela normalean erabiltzen dituzten bideen artean, baina egoeraren larritasunak ez duela beste aukerarik uzten. Gizarteari eta hautetsiei ostiralean sostengua ematera joan daitezela eskatu zieten.
Martxoaren erdialdean, neguko Hotz Handia Plana bukatutzat emango dute eta, ondorioz, egun diren zerbitzu asko desagertuko dira, baina beharra ez. Bestalde, ostatu toki gehien eskaintzen duen Atherbea elkartearen egoera oso larria da. Egun, 21 langile daude kontratatuak, baina horietatik 17 bakarrik daude diruz lagunduak, eta egoerak horrela jarraitzen badu, urte bukaerarako lau langilek kanpora joan beharko dute; zerbitzuaren eskaintza jaitsi egingo da. Urtero, larrialdietako ostatuan 2.000 lagun inguru hartzen dituzte eta horietatik 1.522 Atherbeak artatzen ditu. Gizarteratze ostatuaren zerbitzua 600 bat lagunek baliatzen dute eta horietatik 500 inguru Atherbea elkarteak hartzen ditu.
Lau elkarteetako ordezkariak martxoaren 30ean prefetarekin elkartuko dira dituzten zailtasunak azaltzeko. Ipar Euskal Herriko kostaldean hotel sozialak egiteko batzorde bat sortzea elkarteetarako nahitaezko lehentasuna dela jakinaraziko diote.
|