Errusiako GKEak haserre «terrorismoaren» legearekin
«Terrorismoaren» kontrako lege berriak presidenteari ematen dizkion ahalmenak gehiegizkoak direla uste dute Errusiako giza eskubideen aldeko elkarteek. Parlamentuaren oniritzia jasota, Vladimir Putinek atzo berretsi zuen. Hegazkinak, itsasontziak eta ibilgailu susmagarriak txikitzeko ahalmena presidentearen esku uztea gogor arbuiatu zuten.
MOSCU
Duma eta Senatuaren oniritzia jaso ostean, Vladimir Putinek atzo berretsi zuen «terrorismoari» aurre egiteko legea. Araudia hori polemika handia sortzen ari da Errusian, giza eskubideen alde lan egiten duten hainbat elkarteren iritziz, herritarren eskubideak bortizki urratzen dituelako. Legearen arabera, Errusiako Armadak hegazkinak, itsasontziak eta ibilgailuak suntsi ditzake «atentatuak egiteko tresnak direlako ustea» baldin badago. Nolako mehatxua den eta garraiobide horien barruan doazen herritarrak nazioaren segurtasunaren izenean hiltzea merezi duen erabakitzeko ahalmena Errusiako presidenteari dagokio. Hori dela-eta, herritarren biziak presidentearen esku jartzea arbuiatu zuten giza eskubideen aldeko elkarteek. San Petersburgoko Hiritarren Ekimena elkarteak proposatu zuen hegaldi-txarteletan aukera hori dagoela ohartaraztea. «Zure hegazkina suntsi dezakete barruan terroristak daudela uste badu Terrorismoaren kontrako Zentroak» dioen oharra irakur lezake barne-hegaldietarako txartelak erosten dituen orok. Porposamen horrek zenbait abokaturen oniritzia jaso duen arren, hegaldi konpainiek ez dute begi onez ikusten, bidaiariak beldurtuko lituzkeelakoan. «Terrorismoaren kontrako borrokak ezin ditu pertsonen eskubideak murriztu, baina hori gertatzen da gure herrialdean», esan zuen Hiritarren Ekimena taldeko kide Yuri Vdovinek. Horrez gain, lege horrek Armadari ahalmena ematen dio Errusiako lurraldetik kanpo ere erasoak egiteko, beti ere, argudiatzen du Gobernuak, Errusiarentzat mehatxu izan daitezkeen «terroristen» kanpalekuak txikitzeko asmoz. Erabaki hori ere presidentearen esku dago.
1983ko hegazkina gogoan GKEekin batera, Kremlinen aholkularitza erakunde batek, Ganbera Publikoak, Gobernuak zibilez betetako hegazkin bat suntsituko balu «tragedia handia» litzatekeela iritzi zion. Horrekin lotuta, 1983ko tragedia gogorarazi zuen erakunde horrek. Sobiet Batasuneko orduko Gobernuak Hego Koreako hegazkin bat suntsitzea agindu zuela 269 pertsona barruan zihoazela.
Errusiaren barruan ez ezik, Europako Kontseiluko idazkari nagusi Terry Davisek ere lege polemiko horren zilegitasunari buruzko zalantza plazaratu zuen. Haren berbetan, «eztabaida publiko barik» onartu dira, eta horrek kezka sortzen dio. Davisek ohartarazi zuen Europako Kontseiluak berak lege hori aztertuko duela.
|