- Belar Hockeya
Atletikok eta Realak galdu egin dute
DONOSTIA
Asteburu garratza izan da Ohorezko Mailan dabiltzan bi euskal taldeentzat. Mutiletan Atletiko San Sebastianek 0-4 galdu zuen etxean Poloren aurka, eta nesketan, Realak 2 eta 1 galdu zuen Juniorren zelaian, eta Ligako finalerdiak jokatzeko helburuak apur bat zapuztu egin zaizkie, nahiz eta oraindik denbora baduten.
Atletiko San Sebastianek ez zuen gaizki jokatu, baina aurrean sekulako taldea izan zuen, Polok kirol honetako izar asko baititu taldean, eta hori nabaritu egiten da. Kontraerasora jokatuz, min handia egin zion talde zuri-urdinari, eta azkenean puntuak ihes egin zuten Aieteko zelaitik.
Honako hauek jokatu zuten Atletiko San Sebastianen: Zulueta, Piñeiro, J.Kamiio, Gonzalez, A.Usarraga, Azkoaga, Rey, Abellan, Lorente, Oscaris eta Astier. A.Gorriti, Mendizabal, I.Kamiko, Galan eta Salegi ere aritu ziren.
Nesketan, Realak 2 eta 1 galdu zuen Juniorren zelaian, nahiz eta Guajardo argentinarrak aurretik jarri zituen zuri-urdinak. Azkenean ezin izan zien emaitzari eutsi, eta haiei ere puntuek ihes egin zieten. Liga geldirik egon ostean, herenegun itzuli zen lehiaketa.
Honako jokalari hauek jokatu zuten Realean: Lopez, Yarza, Poza, Azkoaga, Altuna, Flores, Larrañaga, Sanz, Blanco, Guajardo eta Garcia. Ruiz eta Etxebeste ere aritu ziren norgehiagokan.
Bestalde, aipatzekoa da Realeko fitxaketa berria. Julia Blanco argentinarrak herenegun jokatu baitzuen estreinako norgehiagoka talde zuri-urdinarekin. Liga geldituta egon denean fitxatu zuten, eta golak egiteko duten arazoa konpondu nahi dute.
|